Errazkin eta Intxaurrandietaren alde elkartasun manifestazioa, Azpeitian

Kronika - Erredakzioa 2018ko api. 4a, 02:00

Hernanin Zero Zaborreko kideek Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandietaren al­deko maniestaziora joateko deia egin dute. Larunbatean egingo da, 18:30etan, Azpei­tian. Hernanin Zero Zaborren esanetan: «Eskandalu handi bat gehiago ikustera goaz Zubietako erraustegi kriminalaren inguruan. Datorren astean Madrilen epaitzera doaz Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandieta, zergatik eta erraustegia gelditzeagatik». 2011-2015 legealdian Ingurumen Diputatua zen Errazkin eta Intxaurrandieta GHK partzuergoko lehendakari. «Hauteskundeetan herritarrei agindutakoa betetzeagatik 41 milioi euroko kalte ordainak pagatu arazi nahi dizkiete Madrilen epaituz».

«Gaur Gipuzkoako Foru Aldundian eta GHKn agintzen dutenek, EAJ eta PSOEko buruzagiek, epaiketarekin mezu garbia eman nahi digute denoi: Gipuzkoan benetan agintzen dutenek, bi alderdiok eta enpresa handien jabeek, inori ez diotela utziko beren erabakiak atzera botatzen, berdin diola hauteskundeetan batek edo besteak irabazi, eta edozein mendeku hartzeko kapaz direla» diote Hernanin Zero Zabor elkartekoek.

Azpeitian Intxaurrandieta eta Errazkini elkartasuna adierazteko, Hernanin Zero Zabor ere bertan izango da. «Gurekin etorri nahi duenak, autobusa dauka eskueran: eman izena Lurreko dendan. Erraustegia gelditu! Badugu alternatiba!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!