Bukatu da Hernani Eskubaloi Taldeak Portugal aldera, martxoaren 27tik apirilaren 1era egindako kirol bidaia. Sào Joào da Madeiran Hernaniko bost talde izan dira, hiru infantil (bat neskena eta bi mutilenak) eta bi kadete (neska eta mutilak), Andebolmania 18 Nazioarteko Eskubaloi Topaketan. Eta lau egunetan zehar 25 partidu jokatu dituzte.
Aurrean topatutako taldeen maila desberdina zen. Batzuk maila altukoak ziren eta beste batzuk xumeagoak, baina kasu guztietan jokatutako partiduak interesgarriak eta lehiatuak izan ziren; Badagoela nondik ikasi erakusten duten horietakoak. Emaitzen ikuspegitik, denetarik egon zen, partidu batzuk irabazi eta beste batzuk galdu egin ziren, baina oraingoan hori gutxienekoa izan omen da.
Aurten eguraldi txarra bidelagun izan zuten arren, eskubaloiak sortutako giro beroa nagusitu zen eta euriak ez zuen kirol jai horren arrakasta zapuztu.
Hirugarren urtea jarraian
Hirugarren urtez segidan HET-ak antolatutako bidaia izan da hau, eta urgentziazko balorazio batean, «esperientzia bezala oso aberasgarria, zaletasuna sortzeko modukoa, izan da. Jatorri desberdineko neska-mutilak kirol eta bizikidetza topaketa batean, eskubaloiaz gozatzearekin batera lagun berriak egiteko aukera paregabea da» diote Hernani Taldeko arduradunak.
Aurten ere, Hernaniko espedizioak, zaleen artean, bere maskota eraman du, Azerigol; Hernaniko Eskubaloi Taldearen izena kanpoan ezagutarazteko eta harmaila girotzeko egin duen lana aipatzeko modukoa izan da aurten ere. «Lan bikaina berea».
Portugaletik bueltan, berriro etxean, nekea nabaria bada ere, eskubaloia Hernaniko gazteen artean zabaltzen jarraitzeko «pilak kargatu dituzte HET-ekoek. Hernaniko klubak garai batean eskubaloiak Hernanin izan zuen garrantzia berreskuratzeko lanean darrai». Andebolmania 18 horren adierazle ezin hobea izan da beste urte betez.
Orain denboraldia ahalik eta hoberen amaitzen saiatuko dira eta datorren asteko asteburuan jokatuko dituzte partiduak.