Martindegiko errotondan igande gauean izandako harrapaketan nahastutako gidaria atzo goizaldean Oiartzungo ertzain-etxean aurkeztu zen eta deklarazioa eman zuen, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez.
Igandetik astelehenerako gauean, 01:30 inguruan, gertatu zen harrapaketa, Martindegi auzoko biribilgunean, GI-2132 errepidean. Auto gidariak bi gazte harrapatu zituen, eta ondoren ihes egin zuen. Hori dela eta, Ertzaintzak herritarren laguntza eskatu zuen gidaria identifikatu ahal izateko.
21 urteko bi gazteak Donostia Ospitalera eraman zituzten, zaurituta; batak aurpegian zauriak zituen, eta besteak, kolpe ugari gorputz osoan. Hala ere, beraien egoera ez da larria. Auto gidaria bere kabuz agertu zen bart Oiartzungo ertzain-etxera, eta deklarazioa eman zuen.
Bigarren bertsio batean gazteek salto egin omen zuten ibilgailuaren aurrera
Astelehenean zehar bigarren bertsio bat ere zabaldu zen. Testigu baten esanetan mutilak izan omen ziren autoaren aurrera salto egin zutenak eta ez omen zituen ibilgailuak harrapatu.
Orain epaitegian dago kasua eta bertan argituko da zer gertatu zen eta bakoitzaren erantzunkizunak zein diren, baldin badaude.