Ez zen nahi bezain ondo joan asteleheneko odol ematea, Ereñotzun. Auzotar mordoxka bat izan ziren, Auzo Etxera azaldu zirenak, 21 guztira. Baina arazo teknikoak tarteko, medikuaren zerrendan azaltzen ez zirela eta, odola eman ezinda geratu ziren zazpi lagun. Eta beste bostek ere ezin izan zuten eman, osasun arazoengatik. Hortaz, bederatzi estrakzio besterik ez zituzten egin.
Orain, odola ematerik izan ez zutenek, Hernanin emateko aukera daukate; apirilaren 3an izango da hurrengoa, anbulatorioan, 18:30etatik 20:30etara. Izan ere, Ereñotzun ezingo dute beste odol emate egunik lotu urrira arte, azaldu dutenez.
Asteleheneko arazoengatik, barkamena eskatu nahi izan diete, odola ematera gerturatu eta aukerarik izan ez zuten auzotarrei.