‘Paella lehiaketa’ + ‘Opskarrak’, Gazte Olinpiadak hasteko

Kronika - Erredakzioa 2018ko api. 3a, 02:00

GAZTE OLINPIADAK hastera doaz larunbata honetan eta 21 taldek hartuko dute parte  ‘aro modernoko’ Hernaniko Olin­piaden bosgarren edizioan. Aurreneko bi probak antzekoak izan ohi dira ia urtero, «funtzionatzen» dutelako. 
Paella lehiaketa eta Opskarrak antolatu dituzte taldeen aurkezpen egunerako. Egun osoko proba izango da, goizeko 10:30etan hasita. 
Ohi bezala, taldeen aurkezpenarekin botako dute aurreneko suziria, Apatxeen eta Karakolinpikoen eskutik. Ha­iek izango dira, hain justu, au­rreneko bi talde arduradunak.
Orduan, Tilosetan elkartuko dira talde guztiak: Ardi Ibili, Xatorkeitan, Apa­txeak, Kara­kolin­pikoak, Jo­ker Stars, Ha­rra­­pazank, Air Max, Bru­gal­kaba, Pabo Rangers, Han­kaz­gora, Kanika, Partido Bun­dista, Fundamentuik Ez, Salda Pa­rran­da Ta Gero, Hor­tzak Estu­tu, Batorrela, Kon­fusioa, Pelo­toia, Pizti Nago, Her­nanii 5.0, eta Axeri Txiki Infernu Handi eta paella bat egiteari ekingo diote; berezitasun bat izango du, gainera: osagai sekretu ba­na banatuko zaio talde bakoitzari. Eguerdi aldera bilduko da epaimahaia, bere epaia emateko.
Ondoren, bazkaldu egingo dute. Talde bakoitzak eraman beharko du bere bazkaria. Edaria egongo da.

‘Paella lehiaketa’ goizean izango da eta ‘Opskarrak’ bazkaldu eta gero. Txaranga eta kontzertuak ere antolatu dira.

Eta Opskarrak eta hasierako ekitaldia egingo dituzte bazkalostean. Talde bakoitzak to­katu zaion pelikularen eszena bat antzezteko bi minutu izango ditu. Beste talde guztietako bi kidek pelikula zein den asmatu beharko dute. Epai­mahai berezi bat egongo da eszenaren kalitatea baloratzen.
Bukatzeko, txaranga abiatuko da herriko kaleak girotzeko. Eta gaualdean hasiko dira kontzertuak: Bad Sound Sis­tem, Erokomeri eta talde sorpresa. 

Apirilaren 12an, patin lasterketa
Patinen proba ere ‘mito’ bat da Olinpiada zaleen artean. Hori izango da, hain zuzen, bigarren proba, apirilaren 12koa. Beti egin ohi da ostegun gauez, eta hala izango da aurten ere. Gaueko 21:30etarako jarri dute kedada, eta 22:00etan abiatuko dira Putzueta harategiaren paretik. Patinen gainean egin beharko dute ibilbidea, binaka. Hala azaldu zuten Batorrela taldeko kideek ostegunean.
Hirugarren proba ere zehaztu dute: orientazioarekin lotutakoa izango da, apirilaren 21ekoa. Txotx denboraldia dela eta herritik kanpo egin beharko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!