Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak erabakita, astelehenetik aurrera aldatu egingo dira Mugi edo Lurraldebus, autobus tarifak. Urriko Batzar Nagusian erabaki zen, «garraioa sozialki bidezkoagoa izateko».
Horrela, txartelik gabe erositako billeteak, paperezkoak, 5 zentimo garestiago izango dira; Hernanin, 1,25 euro balioko du. Baina Mugi edo Lurraldebus txarteletan deskontua haundiagoa izango da: hileko aurreneko 20 bidaiei aplikatzen zaien deskontua, adibidez, %46koa izango da, %45ekoa izan ordez, eta beraz, 93 zentimo ordaindu beharrean, 94 zentimo izango dira. Bestalde, 6 urtera arteko haurrek doan bidaiatzen segiko dute.
Deskontuak eta abantailak
2013ko martxoan jarri zen martxan Mugi txartela, Gipuzkoako garraio publiko guztietan; deskontuak eta abantailak ematen ditu. Adibidez, hobariak izaten dituzte txartela kargatzean, 65 urtetik gorakoek, 25 urtetik beherakoek, %65eko desgaitasuna edo gehiago dutenek, errenta txikiak dituzten familiek eta familia ugariek.
Astelehenetik aurrera aplikatutako aldaketekin, berriz, txartela erabiltzeak dakartzan deskontuak haundituko dira. Esku diruarekin erositako billete arrunta bost zentimo garestituko da, baina txartela erabiltzeak dakartzan deskontuak haudituko direnez, zentimo batekoa izango da igoera, txartelaren erabiltzaileen artean. Hileko aurreneko 20 bidaiek %46eko deskontua izango dute; 94 zentimo balioko dute. 21 bidaietatik 50era artekoek, %57koa (orain arte %56); 75 zentimo. Eta 51 bidaietatik aurrera, %90ekoa izango da deskontua; 18 zentimo.