Arbitroen Gipuzkoako Federakuntzak, eta CD Hernani eta Eibar taldeek aditzera eman zutenez, irain matxistak egin zitzaizkion aurreko larunbatean Ohorezko Kadete nesken partiduan izan zen emakume-arbitroari. Zubipen izan zen partidua, eta Hernaniko taldeak, baita kanpokoak ere salatu egin zuten jokabide hura.
Horren aurrean, salaketarekin bat egiten duela adierazi du Hernaniko Udalak, eta bide batez, bi klubak «zoriondu» ditu, «erasoen aurrean emandako erantzun egokiarengatik».
«Elkartasuna» epaileari
Horrez gain, Udalak bidalitako prentsa-oharrean, «elkartasuna» adierazten dio «irainak jasan zituen epaileari».
Egunero, emakumeen eskubideen alde lanean
Bide batez, gogorarazi du gai honen inguruan egiten ari dena: «Hernaniko Udala egunero eta arlo guztietan ari da emakumeen eskubideen alde lanean».
Eta bereziki nabarmendu nahi izan dute kirolaren arloan dagoen elkarlana: «kirol arloan ere, Udala eta Klubak elkarlanean, lan haundia egiten ari dira parekidetasun irizpideak eguneroko jardunean txertatzen».