Bihar bertan abiatuko da Madrilera, Sonakay musika taldea, Tele5 kateko Got Talent saioko finalerako prestatzera, eta astaezkenean botako dute telebistan, zuzenean. Jose Luis Jiménez Beltza, 25 urteko hernaniarrak aitortu du «guztia airean» daukatela; «bideoa bidali dugu, baina ez dakigu onartuko diguten kantua...». Portu auzoan, bizilagunek, animoak ematen dizkiote. Aita, Jose Luis Jiménez baita ere, jarraitzaile fidela dute, eta berak azaldu du zergatia: «Kantu gerlaria da, askatasunaz hitz egiten du...».
Beraz, «dena airean». Caló hizkuntzan ‘urrea’ esan nahi du ‘Sonakay’-k; finalean urrea lortuko ote duen, auskalo. Bitartean, kontzertuak ematen segiko du.
Bapatean fama zer den ezagutu duzu Sonakay taldearekin. Baina noiz hasi zinen bertan lanean?
Orain dela hiru urte sartu nintzen. Beste talde batzuetan ere jo izan dut, Frantzian eta... Yony Camacho, abeslariarekin egin nuen topo horrela, berak ere jotzen zuelako. Baina ezagutzen nuen azokatik. Behin perkusioa jotzeko esan nion eta harremana egin genuen, eta erabaki genuen berriro ere Sonakay sortzea.
Berriro?
Orain dela 10 bat urte sortu zen taldea. Bi urte egin, eta gelditu egin zen, eta orain 3-4 urte berriz hastean hartu dut nik parte.
«Egutegian Ijitoen Nazioarteko Eguna izatea inportantea da»
Gazte hasi zara musika munduan?
Gitarra jotzen 8 urterekin hasi nintzen. Aitak eman zidan bat, eta berak erakutsi zidan. Gero, 15 bat urterekin bajoa jotzen hasi nintzen, eta klase partikularrak ere jaso izan ditut.
Eta hainbat urteren ondoren, fama iritsi zaizue bapatean. Aldea nabaritu duzu?
Diferentzia haundia nabaritu dugu gure bizitzan. Egunerokoan lanera joaten segitzen dut eta pertsona berdina naiz. Baina jendeak autografoak ere eskatu dizkit, eta arraroa egiten da!
Nolatan hartu duzue parte Tele5 kateko ‘Got Talent’ saioan?
Deitu egin ziguten. Entsaio batean Yonyk proposatu zuen Txoria Txori kantatzea. Hasi zen abesten, gu akordeak jartzen. Eta polita geratu zenez, grabatu egin genuen. Abuztua izango zen, eta gero, Got Talenteko kastinga maiatza edo ekainean izan zen. Ezetz esan genuen hasieran, ez baikenuen ez dirurik ezta denborarik ere. Bartzelonan bi egun pasa behar genituen. Baina azkenean animatu ginen. Espero genuen ez pasatzea; flamenkoa euskeraz abesten... Baina sorpresa hartu dugu! 25.000garrenetik gora geunden kastinean, eta proba egin baino lehen uztekotan ere egon ginen!
Flamenkoa euskeraz. Laboaren ‘Txoria Txori’ flamenkora ekarrita. Ez zaizue inor haserretu?
Flamenkoaren jarraitzaileen artean gehienei gustatu zaie. Beti egongo da portzentaje txiki bat, %5 esango nuke, gustatzen ez zaiona. Euskaldunen artean ere, berdin. Baina gehienei gustatu zaie. Guretzako ez da hain arraroa izan. Taldeko bost kideak hemen jaio gara, ikastolan ikasi dugu... Gure umetako abestiak dira. Gitarristak, David Escudero eta Ramón Vélez, Antiguokoak dira; Yony Camacho abeslaria, Errenteriakoa, Beraungoa; eta Davitxu Bernárdez, Irungoa.
Zein dira zuen erreferentzia musikalak?
Flamenkoan, Camarón, Paco de Lucía eta Ketama. Euskaldunetan, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, makina hutsa, Urko eta Xabier Lete. Ikastolan ikasitakoak gara. Ni Elizatxon ibili nintzen.
«Espero genuen ez pasatzea; flamenkoa euskeraz abesten... Baina sorpresa hartu dugu!»
Flamenkoa euskeraz, gero txalaparta... Beste sorpresarik izango da ‘Got Talent’ saioko finalean?
Astean bi edo hiru entsaio egiten ditugu. Gainontzean, nork bere lana dauka. Abestiak konposatu, normalean, abeslariak egiten du, eta gitarristak eta nik akordeak jarri eta pixkanaka atera egiten dugu. Musika horrela da: jo eta jo, ondo atera arte. Finalerako bideoa grabatu dugu, eta bidali, baina ez dakigu onartuko diguten kantua... Dena dago airean! Bihar joango gara Madrilera, eta astelehen eta asteartean soinu probak egin, eta asteazkenean ikusiko da, zuzenean!
J.L. (aita): Kantu gerlaria da, askatasunaz hitz egiten du...
Jose Luis, aita; zu ere ilusioz ari zara semearen ibilbidea jarraitzen...
J.L. (aita): Aurrekoan taxia hartu nuen programara joateko. Taxistak galdetu zidan ea norbait ezagutzen ote nuen, eta semeak Sonakayrekin jotzen zuela esatean, ezagutzen zuela esan zidan. Orain gutxi ere, Zaragozatik etorri zen lagun bat, eta han ere ezagutzen dituzte. Ilusio haundia egiten du. Pentsatzen zutena baino gehiago izaten ari da hau guztia. Ni gitarra-jole profesionala izana nahiz. Iparraldean aritzen nintzen. Guretzako egunerokoan dago musika; familiak elkartu eta jo egiten dugu. Baina honek ilusioa egiten digu.
Eta hainbesteko arrakasta medio, bihar Madrilera joan eta Ijitoen Eguna lanean pasa behar! Ospatzen duzue? Badago oraindik zer aldarrikatu?
J.L. (semea): Egun inportantea da. Egutegian Ijitoen Nazioarteko Eguna izatea inportantea da. Baina ez dugu ezer berezirik egiten, gogoratu eta kitto. Uste dut ijitoak ere asko aldatu garela. Gizartera moldatu gara.
J.L. (aita): Etxeberriatarrak gara; 400-500 urte daramazkigu Hernanin. Buenos Aireseko Antonio Etxeberria aitona nuen, azienda tratantea, eta birraitona Txirritarekin poemak egiten ibilia da! GALek Hernanin zauritutako bat, berriz, osaba nuen. Ez gaituzte ijito moduan ikusi. Ez dugu sekula arazorik izan; ez nik Biteriko eskolan, ezta seme-alabek ere. Baina ez du esan nahi arrazismorik ez dagoenik; gu burbuja batean bizi gara.
Euskerari eta euskal kulturari egindako keinuek jende asko hunkitu dute. Eta noiz, kantu bat caló hizkuntzan?
J.L. (aita): Caló hizkuntza Errege Katolikoek debekatuta egon zen; belarria mozten zioten hitz egiten zuenari. Denon ondarea da, baina gutxi mantendu da. Dakiguna etxean ikasi eta irakasten dugu; hitz egiteko erabiltzen da. Musikarako balio dezake!
J.L. (semea): Agian bai... Neri orain Tele5 katean ‘lehendakari’ deitzen didate. Makillatzaileetako bat bergararra da, eta euskeraz ondoen aritzen dena naizenez, ‘lehendakari’ deitzen dit!
J.L. (aita): Aurrena hori! Asteazkenean saioa ikusi, eta jendeak botoa eman dezala Sonakayren alde!
SONAKAY
Datozen emanaldiak:
- Gaur: Lodosan.
- Apirilak 11: Got Talent saioko finala, Tele5 katean.
- Apirilak 13: Burlatan.
- Apirilak 19: Donostiako San Martin azokako Gastropotean, 19:00-22:00.
- Apirilak 21: Donostiako Intxaurrondo auzoan.
- Apirilak 30: Arrasaten.