15 egun geratzen dira Bertso Gutiziak ekimenaz gozatzeko. Kronikak Insalusen laguntzarekin apirilaren 20an jarri du hitzordua. Azkeneko bi urteetakoaren antzekoa izango da aurtengo Bertso Gutiziak. 19:00etan emango zaio hasiera saioari Basque Culinary Centerreko areto nagusian, eta hori pasata, ordu eta erdi beranduago gutxi gorabehera, hasiko da afaria. Mokadutxoek osatutako otordua izango da, BCCko ikasleek prestatutakoa.
Punta-puntako lau bertsolarik hartuko dute parte: Maialen Lujanbiok, Unai Agirrek, Aitor Mendiluzek eta Aitor Sarriegik. Gai-jartzailea, aldiz, Amaia Agirre izango da.
Sarrerak, salgai eta zozketan
Sarrerak erosi daitezke Hernanin, Dobera-Kronikaren bulegoan (Larramendi 11, behea), eta Kixkal eta Aralar tabernetan; Ereñotzun, Irrintzi tabernan; Goizuetan, Amaia kafetegian; eta Astigarragan, Ikatza tabernan. 22 euro dira; bazkideentzat, 20 euro (bulegoan).
Bi sarrera bikoitz ere zozketatuko dira irakurleen artean eta datorren asteko asteartean egingo da zozketa. Edonorrek hartu dezake parte; horretarako bi aukera izango dira: albiste honen azpian, argitaratuko den fitxa betetzea, galdera honi erantzunez (izenaren ondoan): Euskal Herriko Itzulia Hernanitik pasa zen astelehenean, argitaratu zen argazkia non atera zen? eta Kronikaren bulegoan entregatzea, edo iruzkin bat egitea webgunean, albiste honetan bertan.