Urteak dira Hernanin herri kirol desafiorik jokatzen ez dela, baina joan den asteartean erronka bota zioten elkarri, Roxario Pikabea ereñotzuarrak eta Jon Arizmendi andoaindarrak.
Jauregi Jatetxean bertan elkartu ziren eta berehala iritsi ziren akordiora. Jende ugari zegoen mahaiaren bueltan; kirolariak, zaleak, Gipuzkoako Federakuntzako epaile eta presidentea, kazetariak, laguntzaileak... ikusmina haundia zen jakiteko noiz eta nola jokatuko duten desafioa.
Apirilaren 21ean, 18:00etan, Jauregi Jatetxean, aizkoran lau enbor pago 45 ontzakoak eta bi enbor kanaerdiko ebaki, eta ondoren zazpi kilometro korrika, nork azkarrago burutu apustua jokatzea adostu zuten.
Aizkoran enborrak etzanda jarriko dira eta enborrak Peñagarikanok ekarriko ditu. Larunbat horretan bertan, eguerdiko 12:00etan iltzatuko dituzte aizkolariek.
Bi aizkolariak gustora zeuden, baina enborrak lortzeko arazo asko dituzte. «Negua oso gogorra doa eta arazo haundiak daude egurrak bilatzeko» adierazi zuen Roxario Pikabeak. Hernaniarrak 55 urte ditu, aurkariak baino 25 urte gehiago. Arizmendi mutil sendoa da eta aurretik eginak ditu desafio eta erakustaldiak ere bai.
Korrika, 100 metroko eraztunean 70 itzuli
Korrika parkinaren bueltan, eraztunean egin beharko dute, erlojuaren orratzen kontrako eran eta 100 metroko eraztunari 70 buelta eman beharko dizkiote. Kirolari bakoitzak bi laguntzaile eramango ditu, modalitate bietan berdinak izango direlarik. Horretarako behar den lizentzia aurkeztuaz epaileari. Alde bakoitzak 400 euro jarri zituen.
Bietako batek apustua atzeratzeko aukera izango du, apustuko datatik gutxienez 48 ordu aurretik; 15 eguneko atzerapena eskatzeko aukera dago. Azkeneko 48 orduetan, aizkolari batek atzerapena eskatuz gero, aurkariaren eskuetan egongo litzateke, atzerapena eman edo ez.