Mundua eskala txikiagoan ikusi daiteke gaur eta bihar modelismo erakusketan

Kronika - Erredakzioa 2018ko mar. 24a, 01:00

AGME Gipuzkoako Modelismo Estatiko Elkartearen eskutik, elkarteko kideek egindako hegazkin, tanke, ibilgailu, irudiak... ikusgai izango dira asteburuan zehar Astigarragako kultur etxean. Zuzenean ikusi ahal izango dira horiek, baita nola egiten dituzten asteburuan 10:30etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30etara.  Hala ere Udalarekin hitz egin dute ordutegia zerbait luzatzeko. 
Txoko bat jarriko da hainbat materialekin nahi duenak erabili eta jolasteko. David Hernandez Gipuzkoako modelismo elkarteko kidea da eta bereizi nahi ditu modelismo geldia eta dinamikoa. «Hegaz­kin aeromodelismoa, kontrol remotoko kotxeak, trenak, lirateke dinamikoak, baina As­tigarragan antolatu dugun erakusketan ez dago mugimendurik, geldia da. Eskalara egindako figurak dira erakusketetarako edo saltzeko. Beraiekin ezin da jolastu edo erakusteko bakarrik balio dute».

Hegazkinak, ibilgailu ­militarrak eta zibilak, ­figurak, fantasia, zientzia fikzio irudiak...
Profesionalek bilduma­zaleen­tzako egiten dute lan eta denetarik egiten da. Lehenta­sunak aldatzen dira modelista ba­tzuetatik besteetara. 
«Dene­ta­tik egiten dutenak daude, gero lan konkretuetan bereizten direnak daude. Maila desberdinak daude modelismoan; hegazkinak, ibilgailu militar eta zibilak, figura historikoak (hemen betiko soldadua sartuko litzateke esaterako, baino oso garatua dago gaur egun) eta gero azken urteetan asko hazi eta zabaldu da fantasia eta zientzia fikzioaren inguruko modelismoa. Honek denak osatzen du mundu hau eta material asko erabiltzen dira».

20 urteko ibilbidea ­eta ­egoitza Hernanin dago
Gipuzkoako elkartea dozenaren bat lagun eta bazkidek osatzen dute eta atzetik 20 urte baino gehiagoko ibilbidea du. «Urte batzutan desagertu egin ginen, baina 2005garren urtetik berriz ere aktibitatea izan dugu. Ekitaldi nagusia irailaren azken asteburuan edo urriko lehenengoan antolatzen dugu; Mundaiz eskolan nazio­arte mailako erakusketa-lehiaketa. Egoitza Her­nanin, Mañe Flaquerrren, da­go eta bertan biltzen gara bilerak, tailerrak, praktikak egiteko. Hamabi mahai ditugu eta margotzeko egokitua ere badago. Gure tailerra egoitza ere bada era berean. Batez ere ostiral gauetan elkartzen gara, denbora daukagunean eta bata bestearengandik ikasten ditugu teknikak eta batera ere gauzak egiten ditugu».

Erakusketaz gain tailerra dago zuzenean lanean ­ikusteko eta aritzeko
Azken urteetan zabaltzen ari di­ra lanak eta erakusketa-lehia­ketez haratago jardunaldi hauek erakusgarriagoak egiten saiatzen ari dira. «Astiga­rra­ga­ko erakusketa ildo horretatik joango da. Orain bi urte inguru Zarautzen antolatu genuen eta idea da, alde batetik erakusketa egitea eta hor hegazkinak, fantasiazko irudiak, figura historikoak, ibilgailuak... denetarik egongo da. Bestetik, modelistak lanean egongo gara han bertan, maketatzen, zuzenean lan egiten. Beti egoten dira lau bazkide horretan lanean. Etor­tzen den jendeak jakin nahi izaten du erakusten ari garen hori nondik datorren. Horren atzean zer dagoen jakin nahi du; zer lan dagoen, ze materi­al, ze teknika erabiltzen den... horrexegatik asteburu guz­tia lanean ariko gara. Eta materiala ere eskuragarri egongo da hurbiltzen den edonor anima­tzen bada figura edo maketaren bat egitera. Beraz, erakusketa, demostrazioa eta tailerra  egon­go dira Astigarragan».
Adin guztietara dago irekia eta figura txikiak eramango dituzte jendeak gauzak egin nahi baditu eta prozesua nolakoa den ikusteko. Modelistak afizioz egiten dute, hobbi bat bezela, baina «profesionalak badaude» gogoratzen du David Hernandezek. 

«Lehendakari ordeak jet pribatu bat irudikatu du, taberna bezala erabiltzen dena»


«Modelismoak izugarrizko garapena izan du. Orain dela 30 urte bakoitzak bere etxean egiten zituen modeloak eta lehiaketetan aurkitzen ziren honetan aritzen zirenak. Gaur egun internet bidez mundu mailako komunitate bat sortu da eta in­dus­tria bat ere bai. Izugarria da eta altzairuz, plastikoz, erretxinaz egindako materialak, beste markentzako osagarriak, liburuak, dokumentazioa... denetarik dago mundu honetan. Eta gainera profesionalak ere ba­dau­de. Modelista batzuk mo­delis­motik bizitzen dira eta batik bat bildumagileentzako egi­ten dute lan. Asko hazten ari den mundua da eta betiko soldadu eta itsasontzietatik ga­ra­pen sakona izan du. Pin­tura marka berriak sortu dira, osa­ga­rriak, moldeak gero eta zeha­tzagoak dira eta teknika berri guztiek laguntzen dute errealismo izugarri bat lortzera». 
Modelismoak mundua bera irudikatzen du eskalan. «Gasteiz­ko elkarteak orain urte batzuk erakusketa bat antolatu zuten eta jarri zioten izenburua izan zen Mundu bat miniaturan. Esan behar da gero es­kala desberdinak daudela. Etxean daukazun lekuaren ara­bera batzuk eskala txikiak lan­tzen dituzte, beste batzuk haundixiagoak. Jendeak zaletasunak izaten ditu eta modelistak gustu horien arabera alde batera edo bestera egiten du. Baz­kide batzuk figurak ba­karrik egiten dituzte, badira hegazkinak bakarrik egiten dituztenak asko gustatzen zaielako eta noski edoizen motako hegazkinak izan daitezke. Elkarteko lehendakari ordea hegazkinetan aditua da eta Espainia mailan hoberenetakoa da hegazkinen maketak egiten. Azkena egin duena jet pribatu bat izan da, Europako Iparraldeko herrialde batean taberna bezala erabiltzen dutena».

«Modelismoan historiarekiko zaletasuna dago eta bineta bat bezala da»
Modelismoaren atzetik fantasiarekiko zaletasunaz gain, batez ere historiarekiko erakargarritasuna dago. «Azke­ne­an modelo bakoitzak dokumentazio lan haundia du. Kolo­reak garai batekoak, zehatzak izan behar dute, ekipamendua, ma­terialak... dokumentatu be­har da eta gainera historia bat kontatu behar da. Ikusleak bineta bat ikusi behar du lanetan, eszena bat. Hori da bilatzen dena».
Erakusketa mota hauek asteburuetan antolatzen dira, modelistek denbora orduan izaten dutelako. «Gauza delikatuak dira maketak eta segurtasuna behar da eta babestuak egon behar dute. Nazioarte mailan lehiaketan antola­tzen dira. Ostiralean arratsalde-gauean eta goizean obren harrera egiten da, larunbata arratsaldean eta igandean erakusketak, tailerra,  hitzaldiak, demostrazioak, dendak egoten dira, igande eguerdian sari banaketen txanda izaten da eta hor amaitzen dira asteburuak». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!