EMARRI Giza Proba Taldeak gaur, 10:30etatik 12:30etara, Perurenako probalekuan, ate ireki jardunaldi bat antolatu du. Jende guztiari dago zuzendua.
Emarri emakumez osatutako, Astigarragako giza proba taldea da eta 2013an sortu zen. Ordundik bere ibilbidea egin du plazaz plaza, emakume zein gizonekin desafioak eginez eta beraiek dioten bezala «giroa alaituz eta noski, saltsa pixka bat jarriaz».
Urte hauen ondoren indartzen ari den kirol honi bere lekua egin nahi diote plazetan eta horretarako, jendeak, kirol hau zer den sentitzea garrantzitsua da, Emarri taldekoen ustez. Hori dela eta, gaur gizon eta emakumeak, denok daude gonbidatuta kirol hau ezagutzera.
Emarri izena ‘emakume’ gehi ‘harri’ hitzen batuketatik dator eta Xabier Amuriza bertsolariak proposatu zien, eta beraiek gustora hartu.