Martxoaren amaierarako, aurreko urteko aurrekontuaren likidazioa burutu behar dute udalek. Likidazioa egitean, udalak aurreko urtean izan dituen diru-sarrera eta gastuen arteko balantzea egiten da. EH Bilduk, eskura dituen azken datuen arabera, Udalak gastatu gabe 7.000.000 euro inguru dituela aurreikusten du.
«Zenbatekoa ez-ohikoa da. Positiboa da Udalak gastatu gabeko diru-poltsa bat izatea» baina EH Bilduk uste du, 7.000.000€ko aurrezkia «ez dela Udalak jarraitu duen aurrezki-politika zuhurraren ondorio, baizik eta EAJk gastatzeko duen gaitasun ezaren ondorioa. EH Bilduk legealdi hasieratik errepikatu du EAJk herrirako proiekturik ez duela eta beraz, ez dakiela astigartar guztion dirua zertan inbertitu eta nola gastatu».
«Herritarrek zerga desberdinak ordaintzen dituzte Udalak diru hori udal zerbitzu publikoetan, kalitatezko azpiegitura eta ekipamenduetan eta babes sozial zabalean jasotzeko eta ez Udalak aurrezki gisa gordeta izateko uste du» EH Bilduk. «Udalak gerakineko 7.000.000 euro horiek herritarren artean banatuko balitu, familia bakoitzari ia 2.600 euro egokituko litzaizkioke eta ziur herritarrek Udal Gobernuak baina modu hobeagoan kudeatuko lituzkeela».
EH Bilduk gerakina zertan gastatu adostera dei egiten dio EAJ alderdiari eta bere hautuak: «DBH, eskolaren haundipena, haur eskola, Anuska...» dira besteak beste.
«Hau guztia, EAJren proiektu gabezia nabarmenagatik da». Horregatik, EH Bildu arduratuta dago legealdia amaitzeko urtebete eskas geratzen denean, «EAJ inprobisazioan murgildu eta 7.000.000 euro horien erabilpen okerra egin dezakeelakoan».
2019an udal hauteskundeen hitzordua dago eta «EAJk inbertsio guztiak korrika eta presaka burutzeko asmoa duela begi-bistakoa da. Beraz EH Bilduk, elektoralismoak alde batera utzi eta diru horren erabilpen egokia gauzatzeko, guztien adostasunera zabaltzea eskatzen dio: herritarrei, eragileei eta alderdi politikoei. EH Bilduk badu proiektua, badu proposamena».
Inbertsio eta gastuak
1. DBHren partzelaren hiritartze lanak gauzatzeko 1.350.000 euro. Irisgarritasun Planak jasotzen duen bezala, Galtzaur Kalea, Txomin San Sebastian eta herri baratzak/hilerria lotzeko igogailua egin eta igogailuaren dorreak goi-tentsioko sarea konektatzea ahalbidetzeko. Aurreko urteetan gordetako 80.000 euroak lurren jabetza eskuratzeko izango lirateke.
2. EH Bilduk, Guraso Elkarteak eta OOGk eskatutako jangelaren handipena eta gutxienez, jangelaren gainean solairu bat egiteko 710.500 euro.
3. Urumea Berriko Haur-eskola berriaren lanak egiteko 700.000 euro gehiago.
4. Arrobitxulo, igogailu bitartez eskolarekin eta kiroldegiarekin lotzeko 637.000 euro gehiago.
5. Beti ere, parte-hartze prozesu zabal eta irekiaren bitartez erabakiko balitz, Fundazioaren jabegoko Kultur-etxeko lorategia publiko egiteko 600.000 euro.
6. Anuskako hiritartze lanak berrekiteko 600.000 euro.
7. Emakumeon Plaza eta Sagardo Plaza eta Pelotari Plaza arteko berritze lanetarako 575.000 euro.
8. Vulcanizados Ergobia parean, aisialdi-gune estalirako 400.000 euro.
9. Santigomendi auzoko hiritartze lanak gauzatu (asfaltatzea, kableatua lurperatu, euri urak ondo jaso…) eta auzo-biltokia egiteko 250.000 euro.
10. Perurenarako pilotalekua eta auzotarren bilgunean behar diren lanekin hasteko 50.000€. Honi, 2017an gastatu ez diren beste 50.000 euro gehituko litzaizkioke. Floreaga bidearen konponketa, aldiz, herri bideak konpontzeko dauden 150.000 eurokin gauzatuko lirateke.
11. URA Agentziak, Ergobia eta Akarregi bitartean Urumea ibaian hainbat lan aurreikusten ditu eta ziurrenik Udalak, lur batzuk utzi beharko dizkio URAri. Horretarako, 400.000 euro.
12. Etxebizitza politikan garatzeko, herrian hutsik dauden etxebizitzak erosten hasi eta hauek ondoren alokairu sozialera bideratzeko 350.000 euro, 2-3 etxebizitza eskuratzeko.
13. Bidebitarte berritzeko hiritartze proiektua idatzi eta lanekin hasteko 200.000 euro.
14. Mapa Moreak zehazten duena gauzatzeko beste 50.000 euro.
15. Euskaraldia, euskararen erabilera bultzatzeko ekimena sustatzeko 50.000 euro.
16. Plan Energetikoak gauzatzen hasteko 50.000 euro.