Biharkoa eta beste bi partidu besterik ez ditu falta Nazionaleko Jubenilen Ohorezko taldeak, Liga bukatzeko. Jaitsierako lau postuetako gorenean daude, eta bihar Antiguokoren kontra irabaziz gero, puntu bakarrera izango dute Getxo, eta beraz, salbazioa eskura izango dute oraindik.
Guztia ez da emaitza, ordea, Jordi Telletxea entrenatzailearen esanetan. «Oso pozik» dago denboraldiak emandakoarekin.
Lehengo asteburuko partidua, Getxoren kontrakoa zen klabeetako bat, baina berdinketa izan zenuten. Zein balorazio egiten duzu?
Baloraziok bi dira. Deportiboki, sailkapenari begira irabazteko beharra genuen, eta beraz, partidua bukatuta triste geunden. Baina sozialki, herri bezala, izugarria izan zen. Jende asko etorri zen; aspaldi ez nuen Zubipe horrela ikusten. Horrek poz ikaragarria ematen du. Erakusten du guztia ez dela emaitza.
Eta gaur, Antiguoko. Ez ote da Getxo baino gogorragoa?
Kategoria honetan partidu guztiak dira oso zailak; batzuk oso zailak, besteak oso oso zailak. Antiguokoren kontrakoa oso zaila izango da baina pentsatu behar dugu irabazi dezakegula. Badira lauzpabost hilabete Zubipen galtzen ez dugula. Hala ere, beharra daukagu, eta horrek urduritasuna eta presioa eragiten ditu.
«Orain hartu diogu tenperatura Ligari, eta partidu guztiak lehiatzen ari gara»
Denboraldiari begira, bigarren bueltan hobetu egin dituzue emaitzak.
Urtean zehar akats bat izan dugu: kanpoko partiduak. Hasieran kosta egin zitzaigun kategoriara moldatzea, eta akats indibidual gehiago egiten genituen. Ez genituen partiduak lehiatzen. Orain hartu diogu tenperatura Ligari, eta partidu guztiak lehiatzen ari gara. Abendutik hona izan da hori, ordea, eta Liga motza da. Baina hobekuntza izan dugu, bai.
Zer ikasi duzue?
Talde berria zen. Hamar bat mutil iazkoak ziren, baina kadeteetaik igotako bat, jubeniletako batzuk eta fitxaje eta Realak utzitakoren bat ditugu. Talde kohesioa lortzea kosta zaigu, eta Ligara egokitzea. Jubeniletan Espainiako haundiena eta maila haundienekoa da. Osasuna, Eibar, Athletic, Antiguoko bezalako taldeekin ari gara. Klub bezala beste maila bat dute, beste baliabide batzuk. Batzuk gerrara pistolekin joango balira bezala da, eta gu, tiragomekin. Baina lortu dugu kohesioa, moldatu gara kategoriara, beldurra galdu diogu lehiatzeari, eta nabari da.
Denboraldia positiboa izan da, orduan? Hasieran maila mantentzea baino gehiago zen erronka...
Beti baloratzen dira gauzak emaitzen arabera, eta badaude askoz ere gauza gehiago: lortu dugu Hernaniko taldeak bertako jokalariekin, baita kadeteetatik igotakoekin ere, jokatzea; Liga honetan lehiatzea... Emaitzak azken ondorioa dira. Baina lortu daiteke mantentzea, denboraldi txarra eginda ere. Tristea da dena emaitzarengatik bakarrik baloratzea. Ni oso gustora eta oso pozik nago mutilen lanarekin, emaitza bat edo bestea izan. Arrakasta izan da maila honetan lehiatzea.
Presioak eragin dizue?
Oso gutxi. Kontrakoa. Sentitu dugu atzean jendea dagoela, eta dena ematen duzunean, baloratu egiten duela. Mutilen ahalegina, gogoa, inplikazioa, konpromisoa, indarra, ilusioa baloratzen dira, eta hori da haundiena.
Zein duzue indargunea? Zertan jarri duzu indarra, entrenatzaile gisa?
Nire ustez, kohesioa. Jokalari bakoitzak bere helburuak badauzka, baina ez taldearen helburuen aurretik, eta prest daude denak borrokatzeko. Entrenatzaile bezala, lortu behar dugu bakoitzak indibidualki hobetzea, eta hori taldearen esku jartzea. Uste dut hori izan dela gure lan haundiena, gogor eta zailena. Orain mutilak askoz hobeak dira, eta beraien gaitasunak taldearen eskuetan jartzen dituzte. Futbola humanizatzea gustatzen zait. Jokalariak pertsonak dira, eta atzean dauzkate gauza pertsonalak. Harreman onak eduki behar dira; hori egoista ere bada: horrela ateratzen dira gauza onenak. Nik horretan jartzen dut indarra. Guretzat pertsona da inportanteena. Hemendik kanpora, balio baduzu sartzen zara, eta bestela kanpora. Gu saiatzen gara beste gauza batzuk lortzen.
Kohesioa izango da bihar irabazteko giltza?
Eta Zubipen jokatzea. Fuerte gaude buruz. Gure indarra, taldeko jokoa atera behar dugu, eta urduritasuna eta jokatzeko beldurra kendu. Antiguokori, berriz, frenoa jarri behar diogu, abiadura eta jokoa baititu. Talde bezala jokatuz, lortuko dugu. Googoa badugu, eta Zubipen 500-600 lagun ikusten ari direla jokatzea erronka polita da. Animatu dadila jendea etortzera! yy