Duela bi asteko Plenoak erabakita, maiatzean publifikatuko du Udalak kale garbiketa zerbitzua, EH Bilduren eta Orain Hernaniren aldeko botoekin. Kontra bozkatu zuten EAJk eta PSE-EEk, eta haren botoa azaltzeko, oharra argitaratu zuten sozialistek. Beraien iritziari erantzuna eman die, orain, EH Bilduk.
Izan ere, beren ustez «herri batentzako oinarrizko zerbitzua da, eta Udalaren eskumenekoa da». Diotenez, horregatik «2015eko hauteskunde programan, EH Bilduk konpromisoa hartu genuen kale zerbitzuaren publifikazioa aztertzeko eta, ahal izanez gero, gauzatzeko. Eta horixe egin dugu: herritarrei agindutakoa betetzen ari gara».
Sindikatuekin bilerak
Argitu dute, hasteko, kale garbiketarena dela urteko kontraturik haundiena: «lehiaketa publikoaren bidez lizitatzen da eta 2010etik hona FCC enpresari esleitu zaio kontratua». Eta hain zuzen, enpresa horrekin zortzi urtez Hernaniko kaleak garbitu dituzten langileak Garbitania Sozietate Publikoko langile izango dira laster». Aldaketa egiteko, «EH Bilduren gobernua sindikatuekin elkartu da prozesua nola egingo den azaltzeko eta langileen eskubideak errespetatuko direla ziurtatzeko».
Horiek «egiak» direla esan dio EH Bilduk PSE-EEri, eta «herrian zabaltzen diren zurrumurruetan oinarritzea balorazioak egiteko oso larria eta arduragabea dela» iruditzen zaiela. «Larria eta arduragabea iruditzen zaigun bezala behin sozialista izandako alderdi batek publifikazioaren kontrako jarrera izatea», adierazi dute bukatzeko.