«Azken Plenoan, EAJk 800 m2-ko lokala Haurreskolarako izango dela adierazi zuen»

Kronika - Erredakzioa 2018ko abe. 29a, 01:00

Haurreskolaren gaia izan da legegintzaldi honetako protagonistetako bat, eta gai horri heldu dio, oraingo honetan, EH Bilduk prentsa-ohar bitartez: «EH Bilduk proposatutako Haurres­­­kolaren kokapena onar­tu du EAJk bi urteren on­doren».

Oharrean dioenez, «azken Plenoan, EAJk 800m2ko lokala Haurreskolarako izango dela adierazi zuen». «Aho txikiarekin» onartu zuela diote; hala ere, EH Bilduk «positiboki baloratzen du. Pozgarria da urte hauetan oposiziotik egindako lanak balio izan duela ikustea». 

Mozioa, 2016an
Legegintzaldiaren hasieratik izan da gai garrantzitsua Haurreskolaren haundipenarena, eta ordutik ere, eztabaida izan da kokapenaren inguruan. Hori ikusita, EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen 2016ko azaroaren 19ko Plenoan. Ber­tan, besteak beste, eskatzen zen «Urumea Berrin Udalak jasoko duen 800 m2 inguruko lokalean Haurreskola behin betiko kokatzea 2018an mar­txan izan dadin». EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoa jaso zuen mozioak, udal taldeak adierazi bezala; EAJk, aldiz, puntu horren kontra bozkatu zuen. 

EH Bilduren ustez, «ordutik, EAJ noraezean eta guztia naha­siz ibili da. Bere lehen pro­po­samena Haurreskola egun­go Kultur Etxean kokatzea izan zen. Ondoren, AGUIn egingo diren etxepeko lokala etorri zen. Gero, Arrobitxuloko harrobiaren kokalekua mahaigaineratu zuen. Azkenik, Urumea Berriko Kontxa Etxeberria plazara gerturatu zen, baina ez EH Bilduk proposatutako lokalera, txikiago batera baizik (550m2). 550m2ko lokal hori etorkizunean txikiegia izango zela onartuz, egungo Haurreskolaren lokal haundia mantentzea ere proposatu zuen». 

«Ziur atzeratuko dela»
Kokapena erabakita, EH Bildu­ren hitzetan, «argi dago EAJ ez dela gai izango 2016ko azaroan Udal Osoko Bilkurak emandako mandatua betetzeko: Haurres­kola berriak 2018an zabalik behar luke baina EAJren utzikeriak haur-eskola berriaren pro­iektua atzeratu du. Estimazio onenen arabera, 2020 urte ha­sierarako egon liteke prest haurreskola berria, baina EAJ­ren erritmoa eta arduragabekeria ikusita EH Bildu ziur dago atzeratuko dela».

Hori horrela, EH Bilduk dio: «proiektua bikaina egin dadin sa­­iatuko gara, eta horretarako, gu­­raso eta hezitzaileen partehar­tzea bermatzea eskatuko du». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!