«Ez da juxtua, arazoa konpontzeko aurreneko neurria izatea gurasoei kotxean pasatzea debekatzea»

Kronika - Erredakzioa 2018ko mar. 21a, 01:00

Aurreko ostegunean aurkeztu zuen Udalak, Portu eta Eliza­txo­ko espazio publikoa eta bi­zi­lagunen mugikortasuna hobe­tzeko hiru urteko plana. Eta hartutako neurrien artean, nabarmenena izan da Oindi kaleko trafikoa etengo dela, 20 minutuz, eskolako sarrera eta irteera orduetan.

Neurri horren aurrean, bere desadostasuna azaldu nahi izan du, Elizatxo ikastolako gu­raso talde batek, eta hainbat arrazoi eman ditu: «badirudi helburuetako bat dela, eskolara oinez joatea eta kotxearen era­bilera murriztea; zer irtenbide dago, ikastolatik urrun bizi di­ren haurrentzat? Zer ger­tatzen da ume txikiekin? Gu­ra­so asko ere, lanera sartu edo ateratzen dira ordu horietan, haurrak utzi ondoren edo jaso aurretik, eta kotxea behar dute; non ge­ratzen da kontziliazio familiarra-laborala neurri honekin? Gainera, asko oztopatuko da Eli­zatxoko aparkalekura sarbi­dea; zein da alternatiba? Esan di­gu­te Leoka edo Shangai ta­ber­naraino joan gaitezkeela ko­txe­an, eta haurrak han utzi; zer gertatzen da haur txikienekin? Trafikoa arriskutsua bada, zergatik mugatzen da gurasoena bakarrik, eta ez auzoetako bizilagunena? Zergatik hartu da neurria Elizatxo ikastolan bakarrik, Hernaniko eskola guztietan gertatu arren?».

«Familia batzuentzat, beharra da ikastolara kotxean joatea, ez kapritxoa», diote.
 

Bestalde, diote gaia eztabai­datzeko foroan, ikastolako gu­rasoen ordezkaritza ez dela ego­kia izan: «badirudi ez dela inor agertu, edo behintzat ez direla guraso guztion interesak defendatu. Gure akatsa da bi­le­retara ez joan izana, beste ba­tzuk joango zirelakoan. Baina gurasoen ordezkaritza falta bazen, zergatik ez zitzaigun abixatu, horrelako erabaki zorrotzak hartu aurretik?».

«Ados gaude, zonaldeak erreforma urbanistiko garrantzitsua behar duela»

Guraso talde horrek dio, era berean, ados daudela zonaldeak «erreforma-berregituratze ur­banistiko garrantzitsua» behar duela: Portuko tunela espaloirik gabea eta estuegia, auzoko sarreratik Shangai tabernara espaloirik ez, bide estuegiak, Leokako eskaileren egoera txa­rra, trenbide ondoko bidearen egoera txarra, auzoetako sarbideak hobetu beharra...

«Baina ez da bidezkoa, ara­zo larri hauek konpontzeko, au­rreneko neurria izatea ikas­tolako gurasoei kotxean pasa­tzea debekatzea; urruti bizi garelako, lanera joan behar dugu­lako edota mugikortasun arazoak dauzkaten umeak da­ramazkigulako. Familia batzu­entzat, beharra da ikastolara kotxean joatea, ez kapritxoa».

Diote, ez dutela uste neurria eraginkorra izango denik: «trafiko arazoa inguruetara eramango du; gaizki aparkatutako autoak, Pipirita aldapan kolapsoa, eta ordu nagusietan udalerriko irteera bat bertan behera uztea».

Horregatik, «kostu baxuko alternatibak» proposatu dituz­te, epe luzeko arazo urbanistikoak konpondu arte: «ibilgailuak moteltzea badenekin, tu­nela semaforo bidez erregula­tzea, mugikortasun agenteen presentzia, eta ikastola in­gu­ru­ko espaloiak berreskuratzea».

Horrekin, Udalari eskatu diote, lehengora bueltatu eta alternatiba bat adostea. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!