Bihar egingo dute, martxoko Hezkuntza Eskola. Baina kasu honetan, saio berezia izango da: zineforuma egingo dute, elkarrekin pelikula bat ikusi, eta komentatzeko.
Arratsaldeko 19:00etan hasiko da saioa, udaletxeko areto nagusian, ohi bezala. Eta gaia, honakoa: Tratu txarrak hezkuntzan (I): Nola egin aurre?
Hori lantzeko, Camino a la escuela filma ikusiko dute aurrena, lau haurren benetako istorioa kontatzen duen dokumentala: egunero, makina bat zailtasun eta arriskuri egin behar diete aurre, eskolara iristeko. Munduaren punta ezberdinetan bizi dira, baina komunean daukate ikasteko gogoa, eta kontziente dira, hezkuntzak soilik zabalduko dizkiela ateak, etorkizun hobea izateko.
Tratu onen kulturari buruz, Ibai Fresnedorekin
Dokumentala ikusi ondoren, gaiari buruz hausnartzeko tartea izango dute, Arremanitzeko Ibai Fresnedorekin. Aurreratu dute, helburua dela herritarrek tratu onen kulturari buruzko hausnarketa egitea, hezkuntzaren esparrutik abiatuta: «hezkuntza komunitatea herria bera da; guk horretan sinisten dugu. Horregatik, Hernani, Tratu Onen Herria balitz bezala sentitu behar dugu. Harremanak erdigunean jarriz eta tratu onen kultura zabalduz, gure hezkuntza eredua askoz ere pozgarriagoa izango delako».