EH Bilduk oso kritiko agertu da Udalak, Herri Eskolaren inguruan, hartu dituen erabakiekin. Otsailaren 28an, osoko bilkura izan zen eta gai garrantzitsuena 2018ko aurrekontuari egindako erreklamazioen ebazpena izan zen. 2018ko aurrekontuari lau erreklamazio egin zitzaizkion. Eztabaidatuena eskolako txikien jangelaren haundipena eskatuz, Guraso Elkarteak eta eskolako Ordezkaritza Organo Gorenak (OOGk) berretsitako erreklamazioa izan zen.
EH Bildu taldearen esanetan EAJk huts egin zion berriz eskolari. «Ekainaren 21ean Udal Osoko Bilkurak, 2018-2019 ikasturterako jangela handituko zela onartu zuen aho batez, EAJren aldeko botoarekin batera baina 2018ko aurrekontua aurkeztu zuenean, EAJk ez zuen partidarik aurreikusi konpromiso hori bideratzeko. Lehenengo huts-egitea».
Aurrekontuari ekarpenak egiteko fasean EH Bilduk 250.000 euroko alegazioa aurkeztu zuen «jangelaren haundipena bideratzeko eta EAJk emendakinaren aurka egin zuen. Bigarren huts-egitea».
«EAJk hirugarren aukera azken plenoan izan zuen eta Alkateak berak gurasoei agindu bezala, bazirudien jangelaren haundipena onartua izango zela. Alkateak gurasoei, eskaera OOGren babesarekin onartuko zuela adierazi zien. Baina ez. PSE-EEko ordezkaria ez zen agertu plenoan» eta 6 EH Bildu eta 6 EAJ bozka berdinketaren aurrean, Alkateak bere kalitatezko botoa baliatu zuen erreklamazioa baztertzeko. «Hirugarren huts-egitea. Galdutako hirugarren aukera eta gainera, gurasoei emandako hitzari muzin eginez».
EH Bilduren oharrak dio EAJk, kontu-hartzailearen txostena erabili nahi izan zuela bere posizioa justifikatzeko, «baina EH Bilduk galdetuta, kontu-hartzaileak erreklamazioak bozka zitezkeela baieztatu zuen. EAJk aitzakiarik gabe ere, erreklamazioa ez onartzea erabaki zuen».
«Bere garaian, Udalak, proiektuan 72 haurrentzako edukiera aurreikusi zuen eta orain 90eko edukiera darabil»
Bilduk ustetan «Alkateak datuekin tranpa egin zuen»
Otsailaren azken eguneko plenoan datuekin tranpak egin zirela ere adierazi dute EH Bildutik. «Alkateak datuekin tranpak egiteko aukera ez zuen galdu. OOGn emandako datuen arabera, jangelan 90eko bazkaltiarren edukiera inoiz ez zela gainditu adierazi zuen. Alabaina, datu horiek otsaileko egunen erdietan edukiera gainditu zela ere erakusten dute. Gainera, txanda batean 105 haur daude izena emanda. Zer gertatuko da guztiak batera joaten direnean? Gainera, orain, 90eko edukiera darabil baina EAJk bere garaian jangelarako egin zuen proiektuan, 72 haurrentzako edukiera aurreikusi zuen. Lehen 72 sartzen ziren lekuan, orain 90? 105? Hau gutxi bada, datorren ikasturterako 2 urteko gelan matrikulazioa %23an areagotu da. EAJk, ordea, ez du arazorik ikusten».
EH Bilduk adierazten du erreklamazioa baztertzeak, jangelaren haundipena 2018-2019 ikasturterako prest ez egotea ekarriko duela «eta guztia EAJren burugogorkeriagatik. Gurasoei egingo zela agindu ostean, orain, Hezkuntza Sailaren arabera erabakiko dutela argitu dute. Gainera, eskolaren eraikin berria garaiz iritsiko ez denez, EAJk jangelaren eta honen gainean sor daitezkeen espazio berrien haundipena oztopatuz, epe laburrean ikasleak eskolatik kanpo ateratzera zigortuko ditu».
EH Bilduk, EAJren jarrera arduragabea dela uste du. «Udalak, eskola publikoko komunitatearekin batera, eskolak kalitatezko zerbitzu onenak izateko borrokatu beharko luke. Aldiz, Udala, Hezkuntza Sailarekin lerrotu da minimoak babesteko».
EH Bilduk berriz dio: «Astigarragako Alkatea ez da Astigarragako interesak defendatzen ari. Beste erakundeek Astigarragan duten bozeramailea da. Batzuetan Donostiako Udalarena, besteetan Aldundiarena eta orain, Hezkuntzarena. EAJk eta Alkateak sinesgarritasun osoa galdu dute».
«Gurasoei egindako mespretxua onartezina da»
EAJk plenoan gertatutakoaren bere bertsioa plazaratzeko egindako oharrean, «Guraso Elkarteari egindako iraina onartezina da. OOGk egindako eskaera, guraso talde baten erokeriara mugatu eta alarma soziala pizten ari zirela salatzen zuen. EAJk arazo larria du bera bezala pentsatzen ez duten herritar, elkarte eta erakundeekin. Udalaren izenean Guraso Elkartea horrela tratatzea onartezina da» eta EH Bilduk zuzenketa publikoa eskatuko du.