Irunen sarbide berria izango du AP-8 autobideak

Kronika - Erredakzioa 2018ko mar. 20a, 11:05

Euskal Herriko autobiarik zaharrenak beste berrikuntza bat izango du laster, 2010ean Donostiako saihesbidea, Hernani eta Astigarragatik pasatzen dena, eraiki ondoren. Oraingo honetan, Bidegi foru sozietateak AP8 autobidetik Irunerako sarbide berria egingo duela iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hiriaren hegoaldeko sarrerak eta irteerak erraztea da asmoa, bai Donostiatik, baita Donostiarantz ere; horretarako, sarbidea egingo dute, hain zuzen, Belaskoenea-Kateatik. Aurreikuspenen arabera, obra 2018 urte bukaeran hasiko da, eta 15 hilabetez luzatuko da; horretarako, 6,5 milioiko aurrekontua dauka Foru Aldundiak.

Mugikortasuna hobetzea, helburu
AP8aren 4,3 kilometroan egingo dute sarbide berria, Irungo Lapize auzoan, Behobiaren eta Irun-Barrerako peajearen artean: «sarbide berriak hirigunearekin zuzenean lotzea ahalbidetuko du, eta modu nabarmenean hobetuko du irundarren mugikortasuna», aurreratu du Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak.. Izan ere, egun AP8ak ez dauka loturarik herrigunearekin: «Irunek 60.000 biztanle ditu, eta gaur egun bi lotune ditu autobidearekin, hiriaren bi muturretan, bat Behobian eta bestea Katean, eta horietatik ibiltzen da Hondarribia helmuga edo abiaburu duen trafikoa. Lotune erdi honen bitartez, herrigunerako sarrera-irteera bat emango diegu herritarrei», erantsi du Olanok.

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituren diputatuak ere aurreikuspen horiek berretsi du: «lotune erdi horrek eguneko 2.500 ibilgailu hartuko lituzkeela; beraz, horrek, hiri erdirako mugikortasuna nabarmen hobetzeaz gain, arinduko luke Irungo eta Hondarribiko trafikoak biltzen dituen GI-636 errepideko zirkulazioa».

Bidegiren bitartez, sarbide berria
«Gipuzkoako Foru Aldundiak gauzatuko du proiektua Bidegiren bitartez, eta AP-8 autobideko lotune berri honekin beteko dugu obra hori egiteko konpromisoa, Bidegiren kaudimen ekonomikoari eta banketxeekin uztailean berritutako kontratuari esker», gehitu du diputatu nagusiak. 

Beste hainbat elementu ere aurreikusten ditu proiektuak. Besteak beste, proiektuaren barruan sartzen da errepide bikoitz bat, biribilgune bat, zubibide bat eta autobideko sarrerako eta irteerako erreiak eraikitzea. Lotura berria Oinaurreko biribilgunean hasiko da, Elizatxo hiribidetik metro gutxira, hain zuzen ere hirira sartzeko ardatz nagusietako batean, non bat egiten duten Arabatenea eta Jostun kaleek. Bide berria 50 metroko kanpo diametroa izango duen biribilgune batera iritsiko da. Biribilgune horretatik abiatuko da sarbide berria, autobidearekin lotura egingo duena aldapan, Donostiako noranzkoan. Biribilgune horretara iritsiko da, halaber, autobideko irteerako bidea. Irteerako bide hori ere maldan egingo da, eta AP-8 autobidearen gainetik igaroko da 47 metroko altueran.

Gipuzkoako Foru Aldundia eta Bidegi lanean aritu dira azken hilabete hauetan zenbait zerbitzu elektrikoren afekzioak kudeatzen, eraikuntza proiektua idatzi ahal izateko. Proiektu honek bat egingo du udal eskumenekoa den Irungo hegoaldeko ingurabidearekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!