Frankfurten jaioa bada ere, ederki asko egiten du euskeraz Petra Elserrek. Hain zuzen, atzerritarrei euskeraz aritzeko aukerak eman eta lan mundura gerturatzen laguntzeko Banaiz Bagara elkartea sortu zuen. Gaur hitzaldia emango du 19:00etan Biterin, Euskara Ari Duk antolatuta, euskal komunitate kultur anitzari buruz.
Alemaniatik Euskal Herrira etortzerako, bazenekien euskeraz. Nolatan?
Euskera kartzelan ikasi nuen, Bakarka auto-ikaskuntza liburuarekin. Bost tomo ditu eta lehenengoarekin hasi eta bosgarrenarekin bukatu nuen, gutxi-gorabehera bi urteko tartean. Baina urtebete edo-behar izan nuen, elkarrizketa gutxi-gorabehera naturalak izateko. Ikasi nuena probatu nuen, hor zeuden beste euskal presoekin eta bisitara etorri ziren senide eta lagunekin.
Euskal Herrian bizita ere, zure jatorrizko kulturarekin harreman estua daukazu. Eta euskal kulturarekin?
Bai, noski. Euskal kultura kontsumitzen duten euskaldunen %20tik bat naiz ni. Batez ere prentsa, irratia, sare sozialak eta musika. Kultura parte-hartzailea ere gustatzen zait; plaza dantzak eta kantujira bezalako formatuak.
Euskeraz bizi eta lan egiteak laguntzen du gizarteratzen?
Ez. Txalo asko jasotzeko laguntzen du, baina lagunak egiteko, gutx; eguneroko bizitzarako lagunak, ez bazkari edo afariak egiteko. Galdetu euskaldunei zenbat lagun atzerritar duten, euskaldunen bikotekideak ez direnak. Oso gutxi aurkituko duzu. Erdaldun koadriletan edo saretan integratzea askoz errazagoa da. Eta euskaldun asko erdaldun bihurtzen dira, jatorri ezberdinetako pertsonekin harremanetan sartzeko. Hori esanda ere, euskera jakin gabe euskal gizarte eta bizitzaren parte bat ez zara inoiz izango, kasu honetan berdin du Hernanin jaio zarela edo Islamabaden.
Alemanian, kultura eta jatorri desberdinetako jende asko bizi bada ere, eusten zaio hizkuntzari. Baina euskera eta euskal kultura ‘ahulagoak’ dira. Nola indartu dezakegu euskal komunitatea, kultur-anitza bada?
Hori jakiteko edo nire proposamenak entzuteko, ekitaldira etorri behar da (barrez)! Hemen kontatuko banu, ekitaldiak ez luke graziarik! Argi dago, euskerak gaztelaniaren omnipresentzia eta indar ‘administratiboaren’ aurrean etengabe lekua defendatu behar izateak ez duela egoera batere errazten. Hala ere, Alemanian hizkuntzarekin badaude arazoak eta antzeko neurriak hartzen dira. Alemaniaren kasuan, jatorrizko komunitateak hain dira handiak, askotan ez duzu alemaniera behar bertan bizitzeko. Hiri batzuetan adibidez turkieraz bizi ahal duzu, edo arabieraz, infraestruktura hizkuntza horietan aurkitzen duzulako. Gizarte erakundeek egitasmoak antolatzen dituzte, alemaniera gutxi dakitenek gizarte bizitzan parte hartzeko eta aleman hiztunek, hitz egiteko unean, pertsona horiek kontuan hartzeko… Guraso bileretan, lan ikastaroetan, osasun arretan eta abar…
Horregatik sortu zenuen Banaiz Bagara elkartea?
Bai, eta erakunde handiago eta indartsuagoa beharrezkoa izango litzateke. Hizkuntza eta elkarbizitza gai transbertsalak dira. Eremu guztietan eragina dute: lan munduan, hezkuntzan, zerbitzu publikoetan, aisialdian... Estatuko erakundeek eremua markatzen dute, momentu honetan, baina badago jokoa orain ere, existitzen diren erakundeekin gaia lantzeko, eta etorkizunari begira gai hori erabakitze eta burujabetze prozesuaren eztabaidaren parte bat izan behar da. Zein motako gizartea nahi dugu, zein hizkuntzan elkarrekin bizi.
Kanpotarrek euskeraz aritzeko aukerak garatzeko sortu zenuen elkartea. Baina, zer eskatuko zenioke kanpotarren euskal komunitateari?
Uste dut, planteamendua ez dela zer eskatu nori, baizik eta elkarrekin gizartearen norabideaz arduratzea. Euskal gizartea dagoeneko jatorri anitzekoa da. Baina irudikatzen dugu euskal gizarte kultur anitz hori euskeraz? Horrela bada, izaera hori ikusgarri egin behar dugu eta kontzienteki landu, gizarte honen parte garen guztiok. Kanpotarrok eta bertakoek. Eta ez da gutxi. Diskurtso arrazistak eta nagusitasun zuria bueltan daude egongeletan, Europa osoan.