Ostegunean aurkeztu zuten Beasainen HerriLab ekimena, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Aitor Aldasoro Beasaingo alkateak. Izan ere, Beasain izango da Kontziliazio Erantunkiderako Foru Plan honen esperimentaziorako gunea. Helburua da herriko eragileak eta biztanleak inplikatzea, elkarlanean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna era esanguratsu eta iraunkorrean sustatzeko ekintzak diseinatu, probatu eta ezartzeko. Asmoa da, gero, esperientzia aitzindari honetatik eratorritako ezagutzak erabiltzea berdintasun eta kontziliazio politiketarako, eta aldi berean, lurraldeko beste udalerri eta eskualdeetan antzerako esperientziak martxan jartzea.
Hitzarmena gaur aurkeztu dute Markel Olano diputatu nagusiak eta Beasaingo alkate Aitor Aldasorok. Bi erakundeek 50.000 euroko dotazio ekonomikoa osatuko dute ekimenera bideratzeko. Hala, urtebete iraungo duen abiarazte fase bat izango du urte amaierara artekoa eta 2019 urtean luzatzeko aukera ere aurreikusten da hitzarmenean. HerriLab-en ekintza hiru esparrutan garatuko da: ekonomiko-laborala, soziala eta erakundeetakoa. Hain zuzen, hiru ardatz horietan oinarritzen da iazko ekainean aurkeztu zen kontziliazio planean jasotako ekintza plana. Honenbestez, ekimenaren exekuzioan parte hartuko dute Beasaingo ehun sozio-ekonomikoaren, kulturalaren eta erakundeetakoaren eragile adierazgarrienek eta, Olanok zehaztutakoaren arabera, «kontziliazio erantzunkiderako bidean lagunduko duten ohitura berriak hartzea da helburua».
Etorkizuneko erronka
Diputatu nagusiak «emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna gutxitzeko eta bizitza aukera-berdintasunean garatzeko sustapen lana» nabarmendu zituen. Olanorentzat bikoitza da erronka, izan ere, batetik, «justizia kontu» batez ari gara; «erantzukizun, eskubide eta betebeharrak berdintasunean partekatzeko aukera-berdintasuna bermatu beharra dagoelako». Bestetik, etorkizunera begira gaiak duen berebiziko garrantzia nabarmendu zuen, «iraunkortasun kontua», «ezinbestekoa lurraldearen etorkizunerako». Gipuzkoak geroz eta adineko biztanle gehiago eta gazte gutxiago dituela azaldu zuen, eta belaunaldien berriztea ezinbestekotzat jo zuen. Alde ekonomikoari begira gainera, Olanorentzat «behar beharrezkoa da hala gazteen nola, bereziki, emakumeen talentua gure ongizatea bermatuko duen lehiakortasunari eusteko». Asmo handi hauekin, «Gipuzkoa kontziliazio erantzunkidean ere erreferentziazko lurraldea» izan dadila nahi du diputatu nagusiak, «etorkizuneko erronkei erantzuna emateko gai den hitzarmen sozial berri batekin».
Eraldaketa sozialerako tokiko laborategia
Ekimen honek osotasunean egiten du bat Etorkizuna Eraikiz-en dinamikarekin. Hala egiten du gauzatzeko moduari dagokionez, esperientzia aurreratuen bidez, ezberdinen arteko elkarlana sustatuz eta zuzeneko esperimentazioarekin ezagutza sortuz. Era berean, muinean, HerriLab-ek Etorkizuna Eraikiz-en barruan 20 enpresetan jada martxan dauden kontziliaziorako esperientzia pilotuak osatuko ditu. Gauzak honela, «Beasaingo esperientzia politika publikoak diseinatu, probatu eta garatzeko modu berriaren adibide izango da». Hain justu, diputatu nagusiaren arabera, «etorkizunerako prestatzeko modu bateratu eta partekatua da», ze «HerriLab-ek herrian bertan, kontziliaziorako praktika aurreratuak jarriko baititu herritarren eskura, ekintza zehatzekin». Olanok nabarmendu zuen prozesu guztian «herritarrak beraiek, beasaindarrak» izango direla «protagonista», «helburu batekin jarriko baitira lanean herriko eragile ekonomikoak, sozialak eta hezkuntza eta aisialdiaren arlokoak». Proiektuaren izaera esperimental eta kooperatiboa da, diputatu nagusiaren esanetan, «elkarlanerako modu berria Gipuzkoan, ikasketarako eta ekarpen berrietarako espazio bat sortuko duena, aldi berean, lurralde osoarentzat baliagarria ere izango dena».
Beasain, lurraldearen lagina
Beasaingo alkate Aitor Aldasorok, bere aldetik, nabarmendu zuen herriak badituela ezaugarri sozio-ekonomiko jakin batzuk mota honetako esperimentazio ekimen baten kokaleku izateko. Aldasororen arabera, «Beasainen sektore industrialak eta enpresek duten presentziak, eta gizarte, kirol, kultura eta aisialdi elkarteen garrantziak, eskala txikian, lurralde osoaren erakusgarri izan daitezkeen ezaugarriak ematen dizkiote herriari».
Esperimentazio plataforma honen hitzarmena sinatu eta hurrengo udal osoko bilkuran argi berdea jaso eta gero, prozesuaren oinarriak finkatuko dituen diagnosi faseari ekingo zaio herrian. Urrats honi garrantzi handia aitortu dio alkateak, Beasainen abiatze puntua zein den garbi ezagutzeko balioko baitu. Herrian egon daitezkeen eszenario ezberdinak zehaztuko dira eta bertako eragile esanguratsuenen inplikazioaren bila hasiko dira orduan. Arlo ekonomikokoak (enpresak, enpresa elkarteak, merkataritza, ostalaritza...), arlo sozialekoak (hezkuntza zentroak, kirol elkarteak, hedabideak, elkarte feministak, guraso elkarteak...) eta erakundeak izango dira eragile horiek. Hain zuzen, haiena izango da protagonismoa eta haiek diseinatu beharko dute propio Beasainerako ibilbide orria. Prozesuaren fase hau publiko egingo da hilabete batzuen buruan, zabaltzeko, eta herritar guztien konplizitatean lortzeko asmoarekin.