Parte-hartzeko aukera irekita, «etengabe»

Kronika - Erredakzioa 2018ko abe. 29a, 01:00

Olatukoop Sareak, Mondragon Uni­ber­tsitateko Lanki ikertegiak eta EHUko GEZKI institutuak elkarlanean antolatuta, eta Beterri-Buruntza eskualdeko uda­lek, eta De­bagoiena eta Oarsoal­de­a­ko garapen agentziek lagunduta, Koop­Fabrika egitasmoa egingo dute, hirugarren urtez. Donostiako Liburutegi Na­gusian aurkeztu zuten duela bi aste. 

«Etengabe» izenemateko aukera, nobedadea
Hiru edizioren ondoren, nobedade batekin aurkeztu dute aurtengoa; «hemendik aurrera izenemate epea irekita egongo da etengabe», adierazi zuten an­tolatzaileek. «Orain arte epe bat geneukan izena emateko, eta ondoren hasten zen prozesua. Aurten, proiektuak haien baldintzen eta bizi-zikloen arabera hurbiltzeko aukera dute», onartu zuten.

Programaren xedea, ordea, ez da aldatu. Ekintzailetza sozial kooperatiboaren alde egiten jarraituko dute, hainbat ezaugarri dituena: kolektiboa, autoeratua/demokratikoa, bideragarria, bi­zi­garria, sustraitua/saretua, eralda­tzailea, hezitzailea, dibertsifikatua eta lanaren burujabetzari garrantzia ematen diona.
Horiei deia egin diete, eta dagoeneko eman dezakete izena www.koopfabrika.eus webgunearen bidez

Perfil mota ezberdinak
Antolatzaileek aurkezpenean nabarmendu bezala, hartzaile mota ezberdinak daude:  ekintzaile indibidualak, di­mentsio kolektiboa duten proiektuak, Euskal Herri osoan oso hedatua dagoen elkartegintza profesionalizatu nahi dutenak, abian egonda ere kontsolidatu nahi duten proiektuak…

50 proiektutik gora, orain arte
Orain arte, kuantitatiboki, azken urteetan 50 proiekutik gora lagundu dituzte garatzen. Dena den, kopurua ez dute nabarmendu nahi: «ez gara zifra aldetik oso resultadistak. Zerbait eraldatzailea, eta iraunkorra, eta egonkorra egin nahi badugu, pertsonen bizi-zikloari lotuta izango da».

Emaitza kualitatiboen berri ere eman dute; eta bereziki, babes kolektiboa duten proiektuak lagundu izana azpimarratu dute. «Oso errotuta dago  ekimen indibidual eta ideia brillanteen kultura, baina gero konturatzen zara aurrera egiten duten proiektuak babes kolektiboa dutenak direla».

Formatuaren aldaketa ere bai
Izenemate-moduaren aldaketarekin, for­matua ere aldatu egingo da, hirugarren edizioan: «proiektuek izena eman ondoren, tutore edo bidelagun bat eskainiko zaie, haien beharren eta sektorearen arabera (20 pertsonatik gorako talde bat dago bidelagun izateko prest honezkero). Izena eman duten pertsonek formazio trinkoa jasoko dute eta, publiko zabalako batera iristeko asmoz, bi aukera eskaini dituzte: KoopFabrika Trinkoa eta KoopFabrika ibilbidea».

Trinkoa, otsailaren 4tik 15era izango da, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara; eta Ibilbidea, martxoaren 21etik ekainaren 6ra bitarte, ostegun arratsaldeetan, 15:00etatik 20:00etara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!