Larunbatean egin zen Ereñotzun Auzo Batzarra, 2017ko diru kontuak itxi eta egin diren lan eta ekitaldien berri emateko, eta 2018rako aurrekontuaren eta proiektu edo asmo berrien inguruko informazioa emateko.
Orokorrean, aurrekontua zertxobait igo da, ohiko aurrekontua, Hernaniko Udaletik Ereñotzuko Auzo Udalera bideratzen dena, haunditu delako. 2018rako aurrekontua, guztira, 488.784 eurokoa da; iazkoa 474.792 eurokoa izan zen.
Markesinak eta argiteria, garraioa mantentzea eta hainbat kultur ekitaldi, 2017an egindako lanak
2017ko aurrekontuak 110.896 euroko gerakina utzi du 2018rako, «proiektu batzuk ezin izan baitira garaiz garatu», Imanol Lizeaga auzo alkateak azaldutakoaren arabera.
Baina beste asko egin dira.
Azpiegitura eta inbertsioen atalera 175.000 euro pasatxo bideratu dira. Auzotarrek eskatutakoen artean, besteak beste, argiteria jarri da eskolatik Alkatxuinera dijoan bidean, eta markesinak, Fagollagan eta Epelen. Bestalde, eskolan irisgarritasuna hobetzeko lanak edota berokuntza sistema hobetzekoak egin dira. Añarberekin elkarlanean, Epele Borda inguruko ur zikinen bilketaz arduratu da auzo udala. Bestalde, elizako saihetseko lokala zesioan hartu da eta konponketak egin dira, umeekin zeramika tailerra egiteko, adibidez. Azkenik, kirol instalakuntzei dagokionean, bola tokiaren teilatua eta egitura berritu dira.
Zerbitzuei dagokienez, 113.451 euro bideratu dira. Batetik, Irrintzi tabernaren oraingo kudeatzaileei urtebetez luzatu zaie ustiapen esleipena. Bestetik, garraio publikoan izandako murrizketen harira, helegitea jarri du auzo udalak, nahiz eta oraindik erantzunik ez duen. Besteak beste, eskolako umeak hezkuntza alorreko ekitaldietan parte hartu ahal izateko gutxienezko garraio publikoa bermatua izatea eskatu dute. Izan ere, orain artean auzo udalak antolatu eta ordaindu behar izan ditu joan etorri horiek.
Bestalde, eraikuntzen garbiketa lanen kontratazioa eta gastuaren kontrola bere gain hartu du. «Lehen Hernaniko Udalak kontrolatzen zuen, eta guk, zegokigun zati proportzionala ordaintzen genuen. Baina kontrola guk eramanda, argiagoa da eta zerbitzua eraginkorragoa. «Garrantzitsua da hau guretzat, kostua haundia baita.» azaldu du Lizeagak. Gauza bera egin nahi da kale garbiketarekin.
Azkenik, gizarte zerbitzuetako eta kultur, aisialdi eta kirol eskaintzaren balorazio positiboa egin du auzo udalak; gizarte laguntzaileak asteartetan eskaintzen duen eskaerak egin du behera pixka bat, baina mantentzen da. Baita etxez etxeko azterketa, mediku zerbitzuak, Olak auzo elkarteak bideratzen dituen ‘Berriketan’ proiektua eta haurrentzako ekitaldiak edota bestelako ikastaro, kirol jarduera eta ospakizunak.
Zentralak, Epeleko aterpean komuna eta jaki denda, 2018ko asmoetako batzuk
Aurtengoari begira, ohikoak diren hainbat egitasmo mantendu egingo ditu auzo udalak: zerbitzuei dagozkien garraio publikoa edota eraikuntza eta kale garbiketa lanak; gizarte zerbitzuekin lotutako aukerak edota hezkuntza, aisialdia, kultura eta kirolaren bueltan antolatzen diren egitasmoak.
Azken hauen artean, berrikuntza bat azpimarratu du Lizeagak; irailean Inpernuko izeneko musika eta dantza emanaldia izango da pilota lekuan. Besteak beste, Xabier eta Kistiñe Solanok eta Jesus Aranburu auzotarrek parte hartuko dute. «Berezia izango da, eta auzotarrak tartean izanda, garrantzitsua da guretzat horrelako zerbait bultzatzea».
Mantendu ez den zerbitzu bakarra, gurasoentzako euskera ikastaroena da. «Zaila da maila bereko talde homogeneoak osatzea, eta sakondu nahi dutenek Hernanira jo behar dute».
Gainontzean, «ingurumenaren alorrean kezka» agertu du auzo udalak, eta hala nabari da garatzeko bidean edo garatzeko asmotan aurkeztu dituen proiektuetan.
Batetik, ibai ertzeko zikinkeriak kezkatuta, sentsibilizazio eta garbiketa kanpainak egingo ditu, eta horren bueltan, Easo Politeknikoko Ingurumen Hezkuntza eta Kontrola zikloko ikasleekin martxan du proiektu bat. Bestalde, Fagollagako zentrala jarduera etetekotan da, eta Ereñotzukoa, egun Errenteriako Udalarena dena, «geldirik eta egoera negargarrian» dago. Gainera, Latxeko presa eraistekoa da Foru Aldundia. Guztia kontuan hartuta, Hernaniko Udalarekin batera, ingurune horiek eskuratu eta zaintzeko asmoa du auzo udalak, eta Natur Eskola bat eraikitzeko proiektuaren bideragarritasuna aztertzen ere hasiak dira.
Bestelako proiektuen artean, aipagarriak dira Epelen espaloia jartzekoa, Epeleko aterpean komun publikoa eta biltegi bat eraikitzekoa, Ereñotzun lokal bat erosi eta bertan janari denda bat jartzekoa, edota Irrintzi tabernako terrazan estalpe arin bat egitekoa.
Azkenik, diru laguntzen atalean, 27.500 euro jasoko ditu Olak auzo elkarteak; mantendu egingo da Dobera-Kronikarentzako 3.000 euroko laguntza; 510 euro jasoko ditu Ur Miak kultur ekitaldiengatik eta beste 500 elkarteko bola eta toka sailak eta, azkenik, 13.000 euro bideratuko dira Burbunak eta Etsayak proiektuari lotuta argitaratuko den libururako.