Gogor azaldu da Astigarragako Herri Eskolako Guraso Elkartea, Udalaren jokabidearen kontra: «azkeneko asteotan jasaten ari garen jarrera salatu nahi dugu. Udala gezurra gezurraren gainean ari da, Guraso Elkartea eta ikastolaren arteko zatiketa sustatuz, eta Guraso Elkartea gutxiesten. Agian, oraindik ez daki, legeak dioen bezala, gurasoak gehiengoa izan behar garela Eskolako Ordezkaritza Organo Gorenean, erabakigune garrantzitsuenean. Beraz, errespetu minimoa merezi dugu behintzat», adierazi dute.
Aldarrikatu dute, gainera, ez direla «guraso talde huts bat», eta ez dituztela «alarmak arrazoirik gabe pizten gabiltzan guraso piromanoak. Zuzendaritza batzordeko kide gara, ikastolako gurasoen ordezkari bezala egiten dugu lan, eta ez dugu Udalaren mespretxu eta irain bat bera ere onartuko. Udalarekin aurreneko bilerak egin genituenean, esan ziguten Guraso Elkartea politizatua dagoela, eta hori lotsagarria eta onartezina iruditzen zaigu. Udala da gure haurrak politikarako erabili nahi dituena, baina argi esaten diogu, ez diogula inori utziko hori egiten».
«Aitzakia merkeak eta faltsuak erabili dituzte eskolari bizkarra emateko»
Guraso Elkarteak azaldu du, haundipenerako erreklamazioa aurkeztu zuela azkeneko plenoan, baina ez zutela onartu: «teknikariak Udalaren aitzakiak biluztu zituen, baina entzungor eta lotsagabe eutsi zioten. Espektakulu lotsagarria emanda, aitzakia merkeak eta faltsuak erabili zituzten guri, eskolari, berriro bizkarra emateko».
Gainera, azaldu du gezurretan ari dela Udala, dioenean jangela txikiaren erabilera datuek ez dutela gehienezko aforoa gainditzen: «otsaileko egunen erdietan egin du gainezka».
«Bestalde, gurasoekin otsailaren 12an egindako batzarrean, alkateak aitortu zuen, haundipena egingo zuela Organo Gorenak babesten bazuen; baina orain, egingo du Jaurlaritzak beharrezkoa dela esaten badu», adierazi dute. «Eskola komunitate osoak haundipena uda honetan nahi du hainbat arrazoirengatik: batetik, jangela txikian Haur Hezkuntzakoak egoten jarraitzea nahi dugulako; eta bestetik, solairu bat gehiago egiteko aukera emango duelako. Horrek ekidingo luke, eraikin berria egin bitartean, talde batzuk Kontxa Etxeberriako lokaletara ateratzea».
Horregatik, azaldu du «etsigarria» dela, «Udala Jaurlaritzaren bizkartzain lanetan eta Guraso Elkartea erasotzen ikustea». Eta gaineratu du, atzo atera zuten argazkia, «lotsaren argazkia» izan beharko litzatekeela: «Udalean norbaitek hausnartu beharko luke, gurasoek honelako deialdi bat egin behar izateaz, Udalari hiru eskaera sinple hauek egiteko: Herri Eskolaren babesle sutsua izatea, jangela txikiaren haundipena udan egin dadin ahalegin guztiak egitea, eta Guraso Elkartea iraintzeari eta mespretxatzeari uztea», eskatu diote.