«Beste kirolek ez dute sortzen nigan, monozikloaren xarma»

Kronika - Erredakzioa 2018ko mar. 17a, 01:00

Hernaniarra zara, baina Etxarri Aranatzen bizi zara.
Bai, hori da. Ni Hernanin jaio nintzen eta Langile ikastolan ikasi nuen; baina aita gai­xo­tu zen eta amaren herrira eto­rri ginen bizitzera, Etxa­rri­ra. 18 urte ditut, eta erdibanatua dut bihotza: %50 nafarra eta %50 gipuzkoarra.

Kirol berezia eta ezezaguna da zurea, Euskal Herrian behintzat. Nola hasi zinen monozikloarekin ibiltzen?
Kirol txiki txikia da, hemen behinik behin. Duela lauz­pa­bost urte hasi nintzen mono­zikloan ibiltzen. San Fermi­ne­tan erosi nuen nire lehenen­go monozikloa. Kaleko sal­men­ta postu batean ikusi nuen eta kuriositatea sartu zitzaidan, urtebetetze ingu­rua zenez oparia aurreratu eta oinarrizko monoziklo ba­tekin bueltatu nintzen etxera. Saltzailearen aholkua jarraitu nuen, kaleko farola bati eutsi eta hasi bueltak ematen. Etxa­rriko musika kioskoaren zu­ta­beak ere baliagarriak izan ziren orekari eusteko.

Nola entrenatzen zara, monozikloarekin lehiatzeko?
Monozikloan entrenatzeko, ni behintzat, ziklistak entre­na­tzen diren moduan ari naiz aurten. Bi gurpiletan ibil­tzen direnek egiten ohi dituzten entrenamenduei buruz ira­ku­rri eta nire kirolera ego­kitzen saiatzen ari naiz. Beste herrialde batzuetan, mono­zi­klista taldeak badaude eta entrenatzailearekin ibiltzen dira, baina hori ez da nire kasua. Entrenamenduaz gain, gozatzeko eta ongi pasatzeko Penintsulan gauden monozi­klista gutxiok tarteka elka­rre­­taratzeak egiten ditugu, mo­no­­zikloan egin daitezkeen ibil­bideak aukeratu eta egunpa­sa edo asteburupasak eginez.
 
Mundu mailan nolako jarraipena dauka monozikloak?
Mundu mailan uste baino monoziklista gehiago daude. Afizio gehiena Japonen dago; izan ere, herrialde horretan 1997 urteaz geroztik, lehen hezkuntzako eskolen %90ean mo­nozikloa kirol kurrikulu­mean sartu zen, horri esker gaur egun milioika pertsona daude monozikloan ibiltzen dakitenak. Hala ere, hori ez da batere ohikoa gainontzeko herrialdetan, gurean urruti gabiltza datu horietatik. 

Modalitate asko daude monozikloarekin, ezta? Zu zeinetan aritzen zara?
34 modalitate ezberdin dau­de. Multzokatuta, ondoko hauek, guzti guztiak ingeles ize­ne­kin: track (100m, 200m, 400m…), urban (skate eta trial mun­duan egiten den antzekoa), freestyle (patinaje artistikoan egiten diren moduko koreo­grafiak), muni (mendiko mo­no­ziklo lasterketak, cyclo­cross, crosscountry, uphill, downhill edo mendi jaitsiera) eta road racing (bideberria edo errepidea 10, 42 eta 100 km).
Ni azkeneko bietan ari­tzen naiz, men­dian eta bide­be­rri­an, baita luzerazko saltoan ere.

«Kaleko farola bati eutsi eta hasi bueltak ematen, horrela ikasi nuen»

Kanpotik ikusita, bitxia bai, baina ikusgarria ere badirudi monozikloak...
Edozein kirolek bezala, bere xarma du. Niretzat izuga­rriz­ko kirola da, baina noski, de­nok ez dugu berdin pentsa­tzen. Unibertsitatera joateko ere monozikloa erabiltzen dut eta noizbait hondatua izan du­danetan txirrindula har­tzen dut, baina ez da berdina.

Zuri zer aportatzen dizu, monozikloan ibiltzeak?
Hitz batean esanda: pozta­su­na. Beste kirolek ez dute nigan monozikloak duen xarma sortzen, kirol gutxitu hone­tan aritzeak dituen alde on eta txarrekin ere.

Europako eta Munduko txapelketetan hartu duzu parte dagoeneko, eta emaitza bikainak lortu dituzu.
Ni oso pozik nago lortu du­da­narekin. 15 urterekin, 2015ean, lehen aldiz parte hartu nuen Europako txapelketan, Italian. Mendi jaitsieran finalera iri­tsi nintzen eta horrek adorea eman zidan horrekin jarrai­tze­ko. Hurrengo urtean, Mun­duko Txapelketa Donostian izan zen eta bertan mundu mailako 10garren sailkatzea lortu nuen mendi jaitsieran ziklokrosean 12garren. Joan den urtean, Holandan ospatu zen Txapelketa Europarra. Adin txikikoa nintzen, baina egundoko ilusioa nuen ber­tan parte hartzeko, eta bidaia ongi prestatu eta hantxe joan nintzen bakarrik. Ederki ibili nintzen eta emaitza onekin, lau dominarekin buel­tatuz. Egia esateko, espero ez ni­tu­en emaitzak izan ziren. 

Babesle bila zabiltza, Seulgo Munduko Txapelketarako. Zaila da laguntza lortzea?
Orain arteko bidaiak, Italia eta Herbehereak, ez dira hain luzeak izan; beraz, ama eta amonaren laguntzari esker joatea posible izan da. Saka­nako erakunde ba­tzuek ere laguntza eskaini didate. Aur­ten­­goa, Korea, beste kontu bat da. Lehiaketa kontuetan sar­tzen garenean, monoziklistok arazo haundia daukagu. Gu­re­­an, monoziklismoa arautu gabe dago eta ez da kirol mo­duan hartzen. Eta edozein ins­­ti­tuziok edo elkartek kiro­le­rako eskaintzen dituzten la­guntza edo beka eskatu nahi bada, goi mailako edo erren­di­mendu altuko kirolaria za­re­­la frogatu behar duzu ofi­zial­ki. Nazioarteko txapelketa batean aurkeztuko banaiz ere, gertukoen baliabideekin kontatzen dut soilik.

Zein helbururekin joango zara Seulera?
Egia esatea nahi baduzu, ez dut helburu zehatzik finka­tzen. Ahal dudan guztia egi­ten ari naiz, kirola magis­te­ri­tza ikasketekin uztartuta; eta Seulen dena emateko asmoa dut. Ateratzen den emaitza­re­kin kontentu; eta noski,  oso ona bada, kontentuago.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!