«Udaberriak bietatik ekarriko du; giro ona eta euria ere bai»

Kronika - Erredakzioa 2018ko mar. 17a, 01:00

Negua  badoa eta egun gutxi geratzen dira udaberriari ongi etorria egiteko. Aurtengoa osoeuritsu joan da eta hotza ere egin du. Gainera elurra itsasora ere iritsi da behin baino gehiagotan. 

Betiko iragarpenez haratago joaten diren euskaldunak asko dira eta tenporei erreparatzen diete askok, euskaldun zaharren ohiturari jarraituz. Eta eguraldiaz hitzegiten ari garenean tenporak aipatu behar dira derrigor. 

Udaberriko tenporak pasa dira eta otsailaren 28an izan zen tenpora eguna. Asko, hori ikusita, beldurtu dira elurra mara mara bota bait zuen goizean goizetik. Tenporetan adituren bat bada Euskal Herrian hori Pello
Zabala da eta adi adi jarraitu ditu udaberriko tenporak. Elurra egin zuen, baina Arantzazuko fraileak txanponaren beste aldeari ere begira­tzen dio. Euskadi Irratiko Landaberri saioan esan zuen bezela «astebete lehenago, hain justu izan zen tenporetako lehen eguna, eta otsaila euritsu hain segidako hura, 20 egun denak segidan euritan egin ondoren, eten zuen».

«Asteazken elurtsu haren arratsalderako jada eguzkia ordu batzutan ikusi genuen. Osteguna garbi ekarri zigun, ostirala ere garbi, larunbata ere bai... hori izan zen kontrako aldea ordurartekoari eran­tzunez. Horrela etorri ziren igandea, astelehena eta asteartea euririk gabe asteazkena iritsi arte. Honek esan nahi du udaberriak bietatik ekarriko dituela. Euriak pilatuagoak izan leizke baino hori ikusiko dugu nola portatzen dan.
Hala ere ez da hain arraroa, arraroa izango zen astezken hori eguzkitsu geratzea eta orduan bai lehortearen arriskua legoke».

Ondorengo egunetan euria egin zuen, ez asko baina bai zerbait eta egun argiak ikusi ziren. Asteazkenean eta ostegunean esaterako. Hego haizea ibili zen, baina freskatu ere freskatu zuen egun batzuetan arratsalde partean. Giro epela eta udaberriko goxotasuna izan genuen, tarteka busti ikutuekin. 

Baino Pellok beti gogoratzen duen bezela kontutan hartu behar dena haizea izaten da. «Haizea nola ibili den begira­tzen da tenporen egunetan. Hori horrela izanik esan liteke udaberri polita datorrela. Euria egingo du modu pilatuan, baina eguzki egunak ere nagusituko dira».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!