Astigarragako Haur Eskola publiko berria Kontxa Etxeberria plazako 7, 8 eta 9. zenbakien etxeen azpietan egongo da, Urumea Berri auzo berrian. Udaran hasiko dituzte obra-lanak, haurrentzat lehenbailehen ireki ahal izateko. Hala jakinarazi du Udalak, prentsa-ohar bidez.
«Aurrekoak baino ia 200 m2 gehiago»
Oharrean azaltzen dutenaren arabera, «egun Kiriketa haur eskola Nabarra Oñatz kaleko bi lokaletan kokatuta dago, 11 eta 3-5 zenbakietan. Lokal hauek, hurrenez hurren, 281,87 m2 eta 80 m2-ko azalera daukate. Hortaz, Urumea Berriko lokal berriak, 550 m2-rekin, egungo lokalarekin konparatuta, %35eko irabazia suposatzen du». Hau da, «aurrekoak baino ia 200 m2 gehiago dauzka».
«Laster» DBHren inguruko bilera deituko duela ziurtatu du udal gobernuak.
Espazioaren antolaketa prest
Adierazi dute, gainera, «Haurreskolak Partzuergoak dagoeneko egina dauka lokalaren espazioen antolakuntzako planoa». Horren arabera, «nahiz eta aurretik espazio txikiagoa izango zen, proposamena egin da 7 geletako oinarri batekin, izan ere, azkeneko hiru urtetako matrikulazio datuek ez dute inoiz 6 gela baino gehiago hartu». Dena den, «Udal gobernuak leku gehiago gehitu dio, eta 9 gelara arteko aukera izango da», onartu du Udal gobernuak oharrean.
Gehiagorako lekua
Horrez gain, nabarmendu dute Partzuergoak nahiko balu, txoko gehiago sortzeko lekua badagoela: «Partzuergoaren eskaerari jarraituta, aukera izango da sortzeko jantoki bat, biltegi bat, familientzako harrera-txoko bat, garbiketa-gune bat, sukalde txiki bat eta txoko bat haurrentzako kotxea uzteko», onartu dute.
Gainera, kokaleku horrek kanpoan beste jolas-gune bat egiteko aukera ere ematen duela adierazi dute, 130 m2-takoa hura.
«Hezkuntza da erronka nagusia»
Oharra bukatzeko, udal gobernuak adierazi du hezkuntza dela «erronka nagusia», eta bide horretan, Astigarragako EAJ «aurrerapauso sendoak» ematen ari dela: «Herri Eskolako haundipena iragarri berri da, baita Eskola Kontseiluak eskatutako jantoki txikiaren zabalpena ere. Eta orain, Kiriketa Haur Eskola martxan jarriko dela jakinarazi da». «Laster», DBHren inguruko bilera deituko duela ziurtatu du udal gobernuak.