Duela pare bat aste hasi zen errepideko denboraldia, eta joan den asteburuan ere, hitzordu ezberdinetan parte hartu zuten Astigarragako txirrindulariek.
Horien artean zegoen Urko Semperena open mailako txirrindulariak asteburu gazi-gozoa izan zuen; larunbatean, erretiratu beharra izan zuen, eta igandean, aldiz, eguneko ihesaldiko protagonista bilakatu zen.
Bi zita, Urko Semperenak
Hain zuzen berak, Semperenak bi zita izan zituen aurreko asteburuan: larunbatean, Lehendakari Txapelketaren aurreneko jardunaldia izan zuen, eta igandean, Cirilo Zunzarren Memoriala jokatu zuen Lizarran.
Aurrenekoan, hainbat ihesaldi egiten saiatu ondoren, ez zuen ezer lortu eta erretiratu beharra izan zuen, Azkarate Gaina pasata.
Bigarrenean, aldiz, probaren animatzaile izan zen, eguneko ihesaldiko protagonista izatea lortuta. Hala mantendu zen, ihesaldian, 70 kilometroz. Ondoren, atzean geratu zen, eta pelotoiarekin jarraitu zituen beste 30 kilometro, kideei laguntzen, baina ezin izan zuen, eta berriro ere, erretiratu behar izan zuen. Oraingo honetan pozik, egindako lanarekin.
Astigarragatik, Telmo
Telmo Semperenak junior mailako Zumy Txapelketan hartu zuen parte, besteak beste, Astigarragatik pasatzen den horretan. Bertan, Direct Energie profesional talde frantsesaren filial baten txirrindulariak izan ziren jaun eta jabe, momenturo. Haiek oztopatzeko aukera bakarra izan zutenak bi izan ziren, Aitor Larrañaga eta Iñigo Zapirain, Donosti Berri taldekoak biak.
Enekoitz Azparren eta Jaime Romero kadeteak, azkenik, Elgoibarko Sarian izan ziren. Azparren hirugarren izan zen, eta ondoren iritsi zen Jaime Romero, pelotoi nagusiarekin.
Hernanin gaur, gaztetxoenak
Gaur jarraituko du denboraldiak, eta hainbat zita izango dituzte astigartarrek: Hernaniko Sari Nagusian izango dira alebin eta infantilak, Mutrikun, Juniorrak, eta Lehendakari Sariaren bigarren jardunaldian izango da Urko Semperena, Laukizen (130 kilometro).
Eta bihar, Azpeitiako Saria izango dute kadeteek, eta open mailako txirrindulariek, aldiz, Oteizan (Nafarroa) osatuko dute Pascuas Zirkuitua 135 kilometroz osatutakoa.