Badira aste batzuk, pil-pilean dagoela pentsioen gaia; eta hori horrela da, gero eta gehiago direlako, kalera ateratzen ari diren jubilatu eta pentsionistak, «duintasuna» eskatzeko; pentsio duinak behar eta merezi dituztela aldarrikatzeko.
Orain dela bi astetik, astelehenero elkartzen dira Hernanin, eguerdiko 12:00etan Plazan; eta ostiralero Goizuetan, eguerdiko 12:00etan. Bailarako gainerako txokoetatik, berriz, beste herrietara mugitzen dira.
Baina diote, ez dela beraien borroka bakarrik: «guztion etorkizunagatik ari gara borrokan, eta hurrengo belaunaldiek ere, hartu behar dute parte».
Horregatik, deia luzatu diete, gaur hiriburuetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko; 18:00etan abiatuko dira, Donostian, Alderdi Ederretik, eta Iruñan, Gaztelu Plazatik.
Gaiaren inguruan sakontzeko, Hernani, Astigarraga eta Goizuetako jubilatu eta pentsionistekin bildu da Kronika.
HERNANI:
«Sortu digute armiarma sare haundi bat, eta ez dakigu nola atera, ez bada puskatuta»
Pozik daude Alicia Blazquiz, Javier Arraztio, Koro Santa Cruz, Loli Corredoira eta Miren Clemente, Hernanin jubilatu eta pentsionisten mugimendua hartzen ari den indarrarekin.
«Ez da gaurko kontua, erosteko ahalmena galtzen ari garela. Zapaterok soldatak izoztu zizkigunean aurrena, eta gero PPk pentsioei urtero %0,25eko igoera aplikatuta, urteak daramazkigu ahalmen hori galtzen. Eta protestak ere ez dira gaurko kontua, urteak daramazkigu kalera ateratzen, baina orain arte gutxi ginen, elkartzen ginenak. Zergatik orain gehiago? Ba akaso, batetik, whatsappak eta teknologia berriek ahalbidetu dutelako; eta bestetik, haserrea sortu duelako, nola egin dituzten gauzak orain, gutaz erabat ahaztuta, eta dirua beste toki batzuetara bideratuz, guri esateko dirurik ez dagoela. Eta horren aurrean, nahikoa dela esateko beharra ikusi dugu», nabarmendu dute Miren Clementek, Alicia Blazquizek, Loli Corredoirak, Javier Arraztiok eta Koro Santa Cruzek.
Hernanin astelehenero biltzen ari diren zientoka pentsiodun eta jubilatuetako bost dira beraiek, eta pozik daude mugimendua hartzen ari den indarrarekin: «gero eta gehiago gara, nabaritzen da ezinegona eta haserrea haunditzen ari dela, eta eskatzeko ausardia ere bai. Batasun haundia dago, ez kolorerik eta ez mailarik; bat gatoz borroka honetan», nabarmendu dute.
«Pentsionisten erdiak baino gehiagok, 700 euro baino gutxiago kobratzen ditugu»
Pentsio duin bat da eskatzen dutena, «zahartze aktiboa eta duina izateko. Badakigu horrela ezin garela bizi. Dena ari da garestitzen: gasa, butanoa, elektrizitatea... Euskal Herriko pentsionisten %58ak kobratzen ditu 700 euro baino gutxiago, eta emakumeen artean, %77ak. Eta hori bikotearentzat, seme-alabak etxean ez badauzkazu, noski. Gainera, askok etxeko lanak egin ditugu, eta adinekoak zaindu, eta horiek ez daukagu pentsio eskubiderik. Eta alargunek, %52a soilik jasotzen dute. Burla bat da», diote.
Funtsean, lau eskaera dira: %0,25eko igoerarekin apurtzea, 1.080 euroko pentsio minimoa ezartzea, KPIa erreferentzia bezala hartzea igoerak aplikatzeko, eta Babes eta Segurtasun Sozialerako erakunde propioa sortzea Euskal Autonomia Erkidegoan. Eskaera horiekin, mozioa aurkeztu dute Hernaniko Udalean, datorren astearteko plenoan landuko dena. Eta mozioa sinatzeko aukera izango dute herritarrek, babesa erakutsiz, asteleheneko mobilizazioan, 12:00etan Plazan.
«Oraingo egoeran ezin da bizitza duin bat izan, eta bukatzen dugu elikadura kaxkar bat eramaten, ahal dugun bezala bizirauten, kalefakzioa ez pizten... Eta askotan, seme-alaben dependentzia izaten. Baina haiek ere, egoera kaxkarrean daude, hipotekekin, kontratu prekarioekin... Beraz, salaketa hau gizarte osoarena da», aldarrikatu dute.
Horregatik ari dira, gazteen babesa ere eskatzen: «pixkanaka nabaritzen dugu babesten gaituztela. Egia da, erdi brometan esaten digutela, zuek behintzat pentsioa daukazue, guk hori ere ez dugu izango. Ba mobilizatu zuek ere. Ezinbestekoa da pentsio sistema aldatzea. Gaur ikusiko dugu, gazteen aldetik zenbateko babesa daukagun; beraien etorkizuna ere badelako kolokan dagoena», diote.
«Guk ere negoziatu eta hitzartu nahi dugu»
Pentsio sistema aldatu behar dela azpimarratu dute, dirua «egon badagoelako; azkar asko igo diete soldata militarrei, adibidez. Txerritxoan dirua sartuarazi ziguten, eta orain txerritxoan ez dago dirurik. Beraz, nahi duguna da soluzio bat bilatzea, baina kontutan hartu dadila gure hitza. Denek negoziatu eta hartzen dituzte neurriak adinekoentzat; baina adinekook ere badauzkagu ideiak, eta badakigu negoziatzen. Badirudi orain Toledoko Hitzarmena negoziatzen ari direla. Ba guk ere negoziatu nahi dugu, eta hitzartu nahi dugu. Eta beharbada, ez bihar bertan 1.080 euroko pentsio minimoa izatea, baina bai pautak markatzea, duintasunezko kopuru horretara iristeko. Pausoak eman daitezela norabide horretan, borondate politikoa da behar dena, larrialdi egoera bat delako. Sortu digute armiarma sare haundi bat, eta ez dakigu nola atera, ez bada puskatuta», adierazi dute.
Mobilizazioak, astelehenero
Duela bi astetik elkartzen dira astelehenero, 12:00etan Plazan; eta hala egiten jarraituko dute. Hurrengoa, etzi. Orain, komite bat ere sortuko dute, mugimendua koordinatzeko.
ASTIGARRAGA:
«Nekatuta gaude hainbeste gezurrekin; saldu nahi digute ‘moto’ bat, ez duena sekula arrankatuko»
Astigarragan ez dute mobilizaziorik deitu oraingoz; baina asko dira, beste herrietako manifestazioetara mugitzen ari diren astigartarrak. Mari Luz Zamarrok eta Emilio Adanek garbi daukate: «jarriko genituzke politikariak, hiru hilabetez horrela bizitzen; ez dituzte bi aguantatzen!».
«Ziria sartzen ari zaizkigu, eta nekatuta gaude hainbeste gezurrekin. Bada garaia altxatzeko eta kalera ateratzeko», diote Mari Luz Zamarrok eta Emilio Adanek: «%0,25 igotzea pentsioak, barregarria da, eta burla egiten ari zaizkigu. Are gehiago, politikarien artean eta gobernuetan hainbesteko iruzurra eta harrokeria dagoenean. Guri ezin bazaizkigu pentsioak igo, zergatik beraien soldatak bai? Zergatik bankuei emateko bai? Pentsioak haunditzeko dirurik ez badago, da inbertitu dutelako beraien negozioetan, eta hustu dutelako beraiena ez zena, haien onurarako. Mafia bat da».
Horregatik, uste dute aldaketa sakon bat behar dela: «ez da posible, beraiek bizitza osorako soldatak izatea, edo milioi pila bat eramatea, eta guk horrelako pentsioak izatea. Ezin da onartu. Eta ez bazaio konponbidea bilatzen, zerbait oso potoloa gertatuko da. Gure atzetik datozen guztiak, oraindik eta okerrago daude. Kanpotik datozenek laguntza haundiagoak dauzkate, guk baino».
Kritikatu dute, gainera, politikariek asko esan eta gutxi egiten dutela: «esaten digutena, beraiek ere ez dute sinisten; moto bat saldu nahi digute, ez duena arrankatzen, eta ez duena sekula arrankatuko».
Astigartar «asko» dira, beste herrietako mobilizazioetara batzen direnak, «baina gehiago izatea nahiko genuke. Badaude batzuk, jasotzen dutenarekin konforme daudenak. Baina borrokatuz gero, guztion onurarako izango da. Gu AGIJUPER (Gipuzkoako Jubilatu eta Pentsionisten Elkartea) plataforman gaude, ez gaitu alderdi politiko edo sindikatu batek bultzatzen», diote.
«Boterea beraien alde dute, eta justizia erosita daukate»
Nabarmendu dute, gainerako herritarren babesa ere nabaritu dutela: «mobilizazioak noiz diren ere galdetzen digute, joateko. Eta noski etorri behar direla, ea gaur asko elkartzen garen, hiriburuetan».
Pentsionista eta jubilatuen artean, diote badirela egoera nahiko egonkorrean daudenak; «baina gehiago dira oso larri daudenak. Eta badakite batzuk asko ari direla sufritzen, baina beraien onurarako zerbait ateratzerik daukaten bitartean, jarraitu egiten dute. Boterea beraien alde dute, eta justizia erosita daukate».
«500 eurorekin, alargun eta semeak etxean edukita langabezian daudelako, mirariak egin behar dira aurrera ateratzeko. Jarriko nituzke politikariak, hiru hilabetez horrela; ez dituzte bi aguantatzen!», aurpegiratu diete.
GOIZUETA:
«Pentsioei urtero %0,25eko igoera aplikatzea burla bat da, dena igotzen ari denean»
«Fondo bat bazegoen, gastatzen joan direna; bideratu dezatela diru kopuru bat pentsioetara, aurrekontuetatik», dio Ramon Sainz de Murietak, Goizuetako jubilatuen elkarteko presidenteak. Ostiralero ari dira mobilizatzen herritarrak, Goizuetan bertan.
«Bizitza garestitzen ari da orokorrean, IPCa gora doa, dena ari da igotzen; eta pentsioak berdin daude», salatu du Ramon Sainz de Murietak, Goizuetako jubilatuen elkarteko presidenteak: «eskatzen dugu pentsio duin bat, eta behintzat IPCaren arabera igo ditzatela pentsioak. Urtero %0,25 igoera aplikatzea ez da juxtua, burla bat da. Nahikoa kentzen digute alde guztietatik; guk gero eta erosteko ahalmen txikiagoa daukagu, eta beraiek ederki kobratzen dute gero».
Badira hiru ostiral, herriko plazan elkartu direla jubilatu eta pentsionista goizuetarrak, protesta egiteko: «gero eta gehiago gara, kalera ateratzen ari garenak. Gazteek ikusten dutenean beraien etorkizuna larri, hasiko dira mugitzen. Bitartean, gu ari gara borrokatzen», dio Sainz de Murietak.
Hala ere, onartzen du badirela gazteagoak ere, 40 urtetik beherakoak, ostiraletako manifestaziora azaltzen ari direnak: «beraien etorkizuna ere bada jokoan dagoena. Eta uste dut, gaurko mobilizazioetara gazte gehiago azalduko direla», aurreikusten du berak.
Iruñara joateko, autobusa
Iruñako deialdira joango dira, hain justu, goizuetarrak. Eta autobusa jarri dute, arratsaldeko 15:30etan abiatuta, bertaratzeko. 40-50 lagun joango dira; Goizuetako mobilizazioetan elkartzen ari direnak baino gutxixeago.
Sainz de Murietak dioenez, Goizuetan «pentsionista guztiok ezagutzen dugu elkar, eta beharbada, egoera ez da hain larria; herriko bizitza ez delako garestitu, besteak beste».
«Baina gero eta erosteko ahalmen gutxiago daukagu, eta konponbidea behar dugu. Fondo bat bazegoen, Gobernua gastatzen joan dena. Orduan, bideratu dezatela diru kopuru bat pentsioetara, aurrekontuetatik», dio berak. Eta espero du, «kaso pixka bat» egingo dietela; «besterik ez bada, hauteskundeak gerturatzean».