Ez zuten «inondik inora» espero, Alain Goizueta eta Iban Eskudero goizuetarrek, Euskal Herriko Mus Txapelketan egin duten balentria: 32 bikote onenen artean geratu dira, txapelketa hasi zuten 2.200 bikote ingurutatik: «gure asmoa zen, Goizuetako kanporaketan partidaren bat irabazi eta, zorte pixka batekin, sariren bat irabaztea. Aurreneko 32etan sartzea ikaragarri zaila da», diote.
Uztaritzen elkartu ziren larunbatean, Euskal Herriko finalerako, zazpi probintzietako 128 muslari onenak: «pilota plazan elkartu ginen izena emateko, eta orduan, kamixeta eta patxaran botila txiki bana eman ziguten, baita kafea eta pasta batzuk ere. Eta hortik frontoira joan ginen, musean jokatzera», kontatu dute.
«Guztiak ere nahiko larri, baina ligaxkako hiru partidak irabazi genituen»
Finala hasteko, ligaxka jokatu zuten, lau bikoteko taldetan: «bikote bakarra pasatzen zen hurrengo fasera. Eta guztiak ere nahiko larri, baina hiru partidak irabazi genituen, eta aurrera egin genuen».
Horrekin, 32 onenen artean zeuden dagoeneko, eta arratsaldean jarraituko zuten jokatzen, kanporaketetan. Baina aurretik, bazkari polita izan zuten: «ligaxka pasa genuenak, bazkaltzera gonbidatu gintuzten, eta oso giro polita sortu zen. Batzuk, kantatzera ere animatu ziren!».
Galdu... txapeldunen kontra!
Arratsaldean, ordea, aurreneko kanporaketa galdu zuten, gero txapeldun izanen zen bikotearen kontra: «Bergarako bikote bat zen, oso jatorra, eta ongi pasatu genuen partidan zehar. Bukatutakoan, esan genien finala irabazi behar zutela, txapeldunen kontra galdu genuela esan ahal izateko. Eta baita egin ere!». Galdu ondoren, beste partidak ikusten geratu ziren goizuetarrak: «baina orduan, jada giro serioagoa zegoen. Somatzen zen sariak zeudela jokoan», diote.
«Ez dugu muserako ohitura haundirik, baina orain akaso gehiagotan animatuko gara»
Onartzen dute, ez dutela muserako ohitura haundirik; baina jokatzen dutenean, elkarrekin aritzen direla gehienetan: «gutxitan aritzen gara, eta herrian antolatzen direnetan bakarrik. Baina Euskal Herrikoan egindako paper onaren ondoren, uste dugu gehiagotan animatuko garela».