Txirrindulari festa gaur, Peña Otaño Sariarekin

Kronika - Erredakzioa 2018ko mar. 17a, 01:00

Etxean ariko dira gaurkoan, beste urte batez, Hernaniko txirrindulari alebin eta infantilak. Peña Otaño Saria jokatuko da, arratsaldeko 16:00etan hasita, Hernaniko kaleetan barrena.
JOCC txirrindulari elkarteak antolatuta, Urbieta kaletik abia­tuko dira, Ka­rre­ro tabernaren paretik, eta ohi­ko zirkuitua osa­tuko dute: Ertzainetako errotondara joan, Latsunbetik Zinkoe­ne­ara jaitsi, eta Txirrita kalean gora berriro Urbietara. Laster­ke­tek iraun bitartean, kale ho­rietan trafiko mozketak izan­go dira; eta Urbietako autobus geltokia, anbulategi aurrera mugituko dute.
Alebi­nen lasterketa izango da aurrena, eta beraiek, hiru buelta emango dizkiote zir­kui­tuari. Infan­tilek, be­rriz, bederatzi buelta egingo dituzte, ondoren. Guztira, 80 neska-mu­tiletik gora ariko dira, herriko kaleetan barrena, bederatzi taldetakoak: Herna­niko JOCC, Astiga­rraga, Do­nosti Berri, Iru­nes, Oarsoal­dea, Bu­run­tzazpi, Zarauz­tarra eta Zumaiako txirrindularitza eskoletakoak.


Ginkana, ondoren
Lasterketak bukatzean, ginkana egingo dute, bigarren urtez. Hesiak eta oztopoak gainditu beharko dituzte txirrindulariek, eta abilezia haundiena erakusten dutenek irabaziko dute.
Latsunbeberrin egingo dute ginkana: txirrindulari infantilena, kirol pistan; eta alebinena, tenis pistan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!