Eusko Jaurlaritza Lurralde Arloko Plan berria egiten ari da, eta EH Bilduren ustez, «merkataritzaren inguruko oreka erabat hautsi daiteke».
Prentsaurrekoa eman zuten ostiralean Hernani, Astigarraga, Andoain, Usurbil, Lasarte-Oria, Oiartzun, Donostia, Lezo, Pasaia, Errenteria, Hondarribia eta Irungo EH Bilduko hautetsiek. «Kezkatuta» agertu ziren, «mahai gainean dauden proiektu guztiak gauzatzen badira, beste 200.000 bat metro koadro izango ditugulako». Horrekin, «merkataritzagune haundien azalera ia bikoiztu egingo da Bidasoaldean, Oarsoaldean, Donostialdean eta Buruntzaldean».
Horren aurka egin eta «merkataritza, kontsumo eta bizi ohiturak zaintzea, eta gure herrietako izaera, erro sakonak dituena, babestea» helburu, PNV eta PSEri eskatu die planari moratoria aplikatzea, «indar politiko nagusien artean egoeraren diagnostikoa egin eta erabaki okerrak hartu baino lehen, ahalik eta akordio politikorik zabalena» lortzeko.
Hernanin batzarra, etzi
Bestalde, Hernaniko EH Bilduk herri batzarra deitu du ostegunean, 19:15etan Biterin, txotx prozesuaren balorazioa egin eta 2018-19ko erronkak zehazteko.