Ez da ohikoa izango, aurtengo Emakumeen Nazioarteko Eguna, martxoaren 8a. Izan ere, emakumeen nazioarteko grebarekin bat egin du Euskal Herriko Mugimendu Feministak, eta dei argia luzatu du egun horretarako: Emakumeok* planto!
Eta bi galdera planteatu ditu: «emakumeok planto egingo bagenu? Eta egiten dugun guztia egingo ez bagenu? Aurtengo martxoaren 8an ikusiko dugu», aurreratu du.
«Bide luze baten abiapuntu» bezala definitu dute, egun horretakoa; eta guztiek bat egin dezaten grebarekin, modu batera edo bestera, zazpi aukera ezberdin planteatu dituzte: lanuzteak egitea, mobilizazioetara joatea, amantalak edo horrelakoak balkoitik zintzilikatzea, merkatuan kontsumitzeari uztea, greba zabaldu eta antolaketan parte hartzea, zaintzeari uztea, eta besoko morea janztea.
Lau orduko lanuzteak, eta bi mobilizazio
Lanuzteak egiteko, lau orduko bi tarte zehaztu dituzte: goizean, 11:00etatik 15:00etara; eta arratsaldean, 18:00etan hasi eta 22:00ak arte.
Mobilizazioetarako, berriz, bi ordu nagusi zehaztu dituzte: eguerdiko 12:00etan, eta iluntzeko 20:00etan. Ordu horietan egingo dituzte ekintzak edota manifestazioak, herriz herri.
Baina azaldu dute, badakitela «denek ezin dutela greba egin»; eta horregatik eman dituzte beste bost aukera, grebarekin bat egiteko, bakoitzak bere neurrian, sinbolikoki besterik ez bada, behintzat. Amantalak, erratzak edo beste tresnaren bat balkoitik zintzilikatuta, zaintza lanak azaleratu nahi dituzte. Kontsumitzeari uztearena, berriz, «langileen esplotazioaren ikur diren enpresa haundien» kontrakoko ekintza da, batez ere. Greba zabaltzeko deia ere luzatu dute, eta nork bere eskualdeko ekintzak antolatzen parte hartzeko. Zaintza lanak uztean, ez dutena nahi da beste emakumeen esku uztea, gainerakoen esku baizik. Eta bat egiteko azkeneko modua, sinbolikoa da: besoko morea janztea.
Izan ere, aldarrikatu dute, greba «guztiona» dela, eta ez dela ohikoa izango: «nazioarteko greba bat izango da ez da greba arrunta izango. Herriz herri sortuko diren ekintzekin osatuko da, eta mobilizazioak beste aldarrikapen batzuekin uztartuko dira».
Makina bat ekintza, Urumea bailaran
Horixe da gertatuko dena, Urumea bailaran ere: greba deialdiari eta mobilizazioei, batuko zaizkie herriz herri antolatu dituzten ekintzak.
Horrela, Hernanin egitarau zabala prestatu dute. Atzo ekin zioten, Gaztelekuan, Parekide taldeak antolatutako ekintzekin eta batukada feministarekin; eta artelanak eta kamixetak ere egingo dituzte Gaztelekuan, martxoaren 6an eta 7an. Martxoaren 8rako, hainbat zita jarri dituzte. Horien artean, 12:00etan Zerbitzu Sozialetan jarri duten hitzordua, «bertan lan egiten duen gehiengoa emakumeak direlako, eta askok ezin dutelako greba egin, pertsonak zaintzeaz arduratzen direlako. Beraz, elkartasun keinua izango da». Eta 20:00etan, manifestazioa egingo dute, Plaza Berritik.
Beste hainbat ekintza ere izango dira egunean, eta baita hurrengo egunetan ere.
Astigarragan ere izango da makina bat ekintza. Martxoaren 6an egingo du bilera Talde Feministak, eta kazerolada deitu du martxoaren 8ko arratsalderako, udaletxeko plazatik abiatuta. Hori baino lehen, eguerdian, Emakumeon plazan egingo dute elkarretaratzea, grebarekin bat eginez.
Hurrengo egunetan izango dira ekintza gehiago eta itxiera emango diena, larunbatekoa izango da. Bakarrizketa antolatu dute Sagardo Plazan, Mirarikeriak ‘komilla tartin’; eta horren ondoren izango da zita berezienetako bat: herritarrek proposatutako emakumeak omentzeko, ekitaldia egingo dute bertan.
Eta Goizueta eta Aranoko herritarrek ere, ekintza ugari izanen dituzte, egun seinalatuaren bueltan. Goizuetan, kontzentrazioa eginen dute martxoaren 8an, Plazan; eta emakumeen afaria ondoren. Martxoaren 10ean, berriz, emakumeen lanaren bueltan izanen da Goizuetan Lan eta Bizi saioa. Eta hilaren 28an, azkenik, antzezlana eskainiko dute eskolako jangelan.
Aranon, berriz, Pino Vicedo herriko artisauaren ilustrazio erakusketa jarriko dute martxoaren 8an, Maisuenean: Ama lurraren eskuak. Eta martxoaren 9an, Cuidado, resbala dokumentala jarriko dute, Maisuenean hori ere.
Eta Ereñotzun, Itziar Zunzunegiren hitzaldia antolatu dute, martxoaren 7an: Hezkidetzaz eta feminismoaz. Eta etxean zer?
Emakume jubilatu eta pentsiodunek ere, planto
Dagoeneko bada, nabarmendu duenik bat egingo duela, greba deialdiarekin. Horien artean daude, emakume jubilatu eta pentsiodunak. Hala jakinarazi du Duintasuna elkarteak; Gipuzkoako Jubilatu eta Pentsiodunen elkarteak, hain zuzen ere: «ez dugu erosketarik egingo, ez dugu otordurik prestatuko, eta ez dugu zaintzarik beteko. Beti lan eta lan, martxoaren 8an planto!».
Planto egingo dute, baita ere, Gaztelekuko emakume hezitzaileek ere, eta gizonezkoek hartuko dituzte beraien ardurak. Eta baita Iturola elkarlan sorguneko emakume ekintzaileek ere; gizonezkoek eskainiko dute zaintza zerbitzua martxoaren 8an, goizeko 11:00etatik 15:00etara.
EMAKUMEOK* PLANTO M8 GREBA FEMINISTA
Iaz, 70 herrialde baino gehiagotan, emakumeek* nazioarteko emakumeen* grebarako deialdia zabaldu zuten, emakumeen* kontra indarkeria eta desberdintasun molde ugari eragiten dituen munduaren aurrean.
Aurtengo martxoaren 8an Euskal Herriko mugimendu feministak bat egin nahi du EMAKUMEOK* PLANTO aldarriarekin, menpean hartzen eta zapaltzen gaituen sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala salatzeko. Honako eguna bide luze baten abiapuntua izango da. Bide horretan, aliantza berriak ehunduko ditugu, bateratuz eta elkar ezagutuz, gure borrokak berriz pentsatuz, erresistentzia berriak eraikiz, eta baztertzen gaituen mundutik askatuz, betiere alternatiba feminista bat sortzeko helburuarekin.
Sistema honek sexuaren araberako lan banaketa bultzatzen du, eta ezkutatzen eta gutxiesten ditu bai feminizatutako ogibideak, bai bizitzaren iraunkortasunarekin eta zaintzarekin lotutakotako lanak (hazkuntza, heziketa, biziraupenerako nekazaritza, mendekotasun egoeran daude pertsonen arreta, elkartasun sareak, euskarri afektiboa...). Sistema honek ez ditu emakumeen* enpleguak modu berean baloratzen (guk urtean batez beste gizonek baino 7.489 euro gutxiago kobratzen ditugu), feminizatutako lanbideen eta autonomoen prekarietatea sustatzen du, eta ikusezin bilakatzen ditu zaintza lanak, neurri handi batean emakumeek* doan eginak, eta nagusiki migratutakoek. Etxeko langileen %87 atzerritarrak dira, %46 etxe barneko langileak dira, eta herenak baino gehiagok ez dute lan kontraturik. Sistema honek gure burujabetza ekonomikoa oztopatzen jarraitzen du, bigarren mailako soldatekin zigortzen gaituzten aldi baterako eta lanaldi partzialeko kontratuen bitartez (lanaldi partzialen %76,3 emakumeei* dagokie, eta emakumeen* 27,6k aldi baterako kontratua dute). Baina, era berean, horrek guztiak gure bizitza pertsonala, soziala eta politikoa bateratzea eragozten duen gurpil zoro batera bultzatzen gaitu. Sistema honek indarkeria ekonomikoaz jazartzen gaitu.
Egiturazko desberdintasun sistematikoaz zipriztindutako testuinguru horretan, hainbat indarkeria moldek (sexista, arrazista eta klasista) zeharkatzen gaituzte, haien artean elkar gurutzatu eta behin eta berriz errepikatzen dira. Ez dago hilketa, sexu eraso edo jazarpenik gabeko egunik. Bitartean, hedabideek gure arreta desbideratzen dute, ahaztu eta dirua xahutu leloa gauzatzera animatzen gaituzten kontsumo eredu berrien bidez. Haien helburua lortzeko ez dute nolanahiko estrategia erabiltzen: emakumezkoen* irudiak baliatzen dituzte sexu objektu gisara, eta estereotipo sexistak sistematikoki barreiatzen dituzte. Eta bitartean, eskoletan hezkuntza sistema patriarkal eta androzentrikoa nagusitzen da, emakumeen* ekarpen historikoak alboratzen dituena, merkatuko premietara zuzendutako gaiak eta edukiak hobesten dituena, eta genero rolak auzitan jarriez eta errotzen dituena.
Horrenbestez, emakumeek, lesbianek, transek, migratutakoek gure aniztasun osoan PLANTO EGINGO DUGU! Eta martxoaren 8an greba feministarako deialdia zabalduko dugu EZETZ esateko, nahikoa dela, hitz-jario ustelekin eta ekintzen eskasiarekin nekatuta gaudela, diskurtso hutsalek ez zaizkigula jadanik balio. [...]
Nazioarteko greba bat izango da. Ez da greba arrunta izango: herriz herri sortuko diren ekintzekin osatuko da, eta mobilizazioak beste aldarrikapen batzuekin uztartuko dira.
Gure aniztasunetik zabaltzen dugu greba feministarako deia Euskal Herrian; alegia, gure gorputz, gure bizipen, gure adierazpen molde, munduan egoteko modu ezberdinen aniztasunetik. Jakin badakigulako zeharkatzen gaituzten desberdintasun eta prekarietateek patriarkatuaren borrokan, soldatapeko lan munduan, zaintzan, kontsumoan eta gure eskubideen erabileran leku anitzetan kokatzen gaituztela.
Greba GUZTIONA DA!
Eta planto egingo bagenu? Eta egiten dugun guztia egingo ez bagenu? Aurtengo martxoaren 8an ikusiko dugu.
*‘Emakume’ izendapena erabiliko dugu, martxoaren 8ko greba feministan artikulazio politikorako baliagarria delakoan, nahiz eta genero sistema bitarraz gaindi askotariko gorputz, ibilbide, bizipen, ahalmen eta identitateak bagaren (bollerak, transak...).
Euskal Herriko Mugimendu Feministaren manifestua; osorik irakurtzeko eta informazio gehiago: grebafeminista.wordpress.com
Nola egin dezaket bat M8ko grebarekin?
Zazpi modu ezberdin planteatu dituzte, guztiek eduki dezaten aukera, grebarekin bat egiteko, modu batera edo bestera, sinbolikoki bada ere.
- Lantoki eta ikasgeletan lanuzteetara batuz.
- Herri eta hirietako mobilizazioetara joanez, bi hitzordu nagusi: 12:00etan eta 20:00etan.
- Amantala (edota beste edozein tresna) balkoitik zintzilikatuz zaintza lanak azaleratzeko.
- Merkatuan kontsumitzeari utziz, batez ere langileen esplotazioaren ikur diren enpresa handietan, objektutzat hartzen gaituztenak.
- Greba zabalduz eta antolaketan parte hartuz. Ikasleen lanuzte eta mobilizazioekin bat eginez.
- Zaintzeari utziz, lan hori beste emakumeen* esku utzi gabe, besteek egin dezatela!
- Edonon zaudela, besoko morea jantziz. Zuk zeuk egin ezazu!
MARTXOAREN 8A URUMEA BAILARAN
Goizuetan
- Martxoak 8:
18:00etan, Kontzentrazioa, Plazan.
21:00etan, Emakumeen afaria, Umore Ona elkartean.
- Martxoak 10, Goizuetan Lan eta Bizi: emakume ekoizleak. Maite Sanchez, Gotzone Sestorain eta Maialen Chantre (Mugarik Gabe Nafarroa). 18:00etan, udaletxeko batzar aretoan.
- Martxoak 28, Antzerki: eskolako genero tailerretako lanketaren emanaldia. 11:00etan, eskolako jangelan.
Astigarragan
- Martxoak 6, Talde Feministaren bilera, Joseba Barandiaran plazan, 18:00etan.
- Martxoak 8:
12:00etan, Emakumeok* Planto! greba feminista babesteko elkarretaratzea, Emakumeon plazan.
18:45etan, Kazerolada, udaletxeko plazatik aterata. Gero, Donostiara joateko deia, Talde Feministak.
- Martxoak 9:
17:00etan, Hitzaldia, kultur etxean: Euskal mitologia eta kultura matrilineala. Euskeraz eta gaztelaniaz.
18:30etan, Zine Foruma, kultur etxean: Volar.
- Martxoak 10, Bakarrizketa, 17:00etan Sagardo plazan: Mirarikeriak ‘komilla tartin’. Ondoren, herritarrek proposatutako emakumeak omentzeko ekitaldia.
*Udaleko Berdintasun Sailak, Harituz Elkarteak eta Gaztelekuak antolatuta.
Aranon
- Martxoak 8, Ilustrazio erakusketa: Ama lurraren eskuak, Pino Vicedo artisau aranoarraren eskutik. 18:30etan, Maisuenean.
- Martxoak 9, Dokumentalaren proiekzioa: Cuidado, resbala. 18:30etan, Maisuenean. Jarraian, hitzaspertua.
Ereñotzun
- Martxoak 7, Hitzaldia: Hezkidetzaz eta feminismoaz. Eta etxean zer?, Itziar Zunzunegiren eskutik. 18:30etan, ludotekan.
Hernanin
- Martxoak 6 eta 7, Artelanak eta kamixetak. 17:30etatik 19:30etara, Gaztelekuan.
- Martxoak 8, Greba feminista: Emakumeok* Planto!
12:00etan, Hitzordua Zerbitzu Sozialetan. Ondoren, ibilaldi zaratatsua Kaxkoan zehar.
13:00etan, Emakumeen kulturarteko bazkaria, Santa Barbara elkartean. Amherreko emakume taldeak antolatuta.
18:00etan, Tribial feminista.
20:00etan, Manifestazioa Plaza Berritik, Koordinadora Feministak antolatuta.
- Martxoak 10, Autodefentsa feminista tailerra, 10:00etan Biterin. Bilgune Feministak antolatuta.
- Martxoak 11, Zineforuma: Sufragistak. 17:00etan, Gaztelekuan.
- Martxoak 13, Zinegoak, Gaylesbotrans zinema eta arte eszenikoen jaialdia. 19:00etan Biterin. Berdintasun Kontseilua eta Udala.
- Martxoak 14, Tesiaren aurkezpena: (De)construyendo identidades, imaginarios y prácticas. Mujeres migrantes africanas en la encrucijada. Jeanne Rolande eta Dacougna Minkette. 18:00etan Biterin. Berdintasun Kontseilua eta Udala.