Urumea bailarako eskola eta hezkuntza komunitateko kideekin eta sindikatuekin bildu da Kronika, egoeraren berri jakiteko. Lehenago egin bezala, sektoreka hainbat greba egiteko deialdiak egin zituzten urtarrilean ELA, LAB eta Steilas sindikatuek, udaberrira begira. Martxoaren 14 eta 15erako eta ekainaren 12rako greba egun bateratuak deitu zituzten, eta, sektoreka, astebeteko grebak, ondorengo aste hauetan: apirilaren 23ko astean, irakasleena; maiatzaren 7koan, hezkuntza berezikoena; maiatzaren 21ekoan, sukalde eta garbiketa langileena; eta ekainaren 4ko astean, haurreskoletakoa. Era berean, martxotik hasita ostiralero elkarretaratzeak egitea proposatu zuten.
Sektoreka egindako greba deialdiak, ordea, bertan behera uztea erabaki du LABek lehen indarra den sekoreei (sukalde eta garbitzaile, hezkuntza berezia eta haurreskolei) dagokienez; irakasleena mantentzen du. «Negoziazioaren abiapuntua izango diren akordio on batzuk lortu ditugu, lan baldintzak eta eskaintzen dugun hezkuntzaren kalitatea hobera egiteko xedearekin» arrazoitu du. ELAk eta Steilasek deialdi guztiei eutsi diete.
Hauek, murrizketen kontrako azken deialdiak. Baina hezkuntza komunitateak beste kezka bat ere badu: Espainiatik datorren LOMCE legearekin eta Eusko Jaurlaritzaren Heziberri planarekin «pixkanaka-pixkanaka, tantoka, ia konturatu gabe sartzen ari zaizkigun aldaketak». Zuzeneko lotura dutela diote, «sistema horiek murrizketak berresten» baitituzte.
Gutxiengo sindikalak sinatutako lan hitzarmena, «murrizketen abiapuntu»
Hezkuntza Sisteman aplikatutako murrizketek egin dute dagoeneko, urteetako ibilbidea. «2009an krisia deitu zioten horrek sakon eragin zuen, eta 2010ean Patxi Lopezen gobernuan egoera historiko larria bizi izan genuen: gutxiengo sindikalarekin (CCOO eta UGT) lan hitzarmena sinatu zen, murrizketen abiapuntu izan zena. Joko arauak txikitu zituen horrek. Fraude demokratikoa izan zen, gehiengo ordezkaritza demokratikoa baztertu zelako», azaldu dute ELAtik.
Murrizketa horietako batzuk dira adibidez, geletako ratioak igo izana. «Sortu liratekeen lanpostuak ez dira sortu. ELAn kalkulatzen dugu 2.000 lanpostutik gora direla». Hernaniko Hezkuntza Plataformak eta Elizatxo ikastolak ere sumatzen dute murrizketa horrek dakarrena. «24, 25 edo 26 ume izateak esan nahi du 24, 25 edo 26 ikasketa prozesu desberdin direla, eta irakasleon ardura da prozesu horretan laguntzea. Batzuk laguntza behar dute. Eta laguntza behar duten batzuk mapan finkatuta daude. Baina beste batzuk ez. Eta finkatuta ere, Hezkuntzak erabakitzen du zein baliabide jarri, eta askotan ez da nahikoa. Tutore bat nahikoa ez den bezala. Gainera, batzuk laguntza behar dute. Baina beste batzuk, errazago moldatzen direnek, gehiago garatzeko eskubidea ere badute».
Ereñotzuko Txirrita ikastetxean, berriz, eskola txikia izanik, «ordezkapenak beti betetzen dituzte, egun bakarrerako ere», baina irakasle eta gurasoek diote «portzentaje kontua» dela. «Gutxi izanik, irakasle bat falta bada, asko nabari da». Dena den, arazo handiagoa sumatzen dute jangela eta siesta garaian. «Eskola handiekin batera neurtzen gaituzte, eta ezin da. Zenbakiak gara. Portzentajea begiratu ordez, siestarako 6 ume egon behar direla neurtzen da, eta ez bagara iristen, ez dago aukerarik. Jangela ere beteta dago. Txandak egitea ere pentsatu genuen, baina ezin da, ratioak beteta daudelako eta begiraleak falta direlako».
Hain zuzen, ordezkapenak aurreneko egunetik egitea da beste aldarrikapenetako bat. «Orokorrean, Haur Hezkuntzako etapa batzuetan izan ezik, ordezkapenak bosgarren egunetik egiten dira», diote ELAtik. Berretsi egiten dute hori Urumean: «Bertan gauden irakasleon artean bete behar ditugu zaintza orduak, eta horrek esan nahi du ordu horiek galtzen ditugula prestakuntza edo koordinazio lanetarako, eta lan batzuk ezin dira etxera eraman».
Beste aldarrikapenik ere bada. Elizatxon, adibide bat jartzen dute: «HIPIa (Hizkuntza Indartzeko Programako Irakaslea) bi urtez etortzen da. Baina nork dio nahikoa denik? Atzerriko familia bat badaukagu etorri berria, eta ez dugu familiarekin komunikatu ahal izateko itzultzailerik ere». Urumea ikastolak ere beste gabezia batzuk azpimarratzen ditu: «Lehen pertsonalizatuak ziren laguntzak, logopedia adibidez, orain 2-3 umeren artean konpartitu behar izaten da. Denera iritsi ezin denez, hobetoxeago daudenei alta ematen zaie. Dagoeneko ez da ematen beharrei egokitutako zerbitzua, baizik eta larritasun mailaren araberakoa». Eta adibide gehiago, ELAk: «Bajak hartzean, soldataren %100era iristeko falta dena Jaurlaritzak jartzen zuen. Lopezen gobernuak kendu zuen hori, eta EAJk ez du berreskuratu. Eta ez dagokio Rajoyri! Bestalde, %62 dira irakasle funtzionarioak, eta %38 interino eta ordezkoak. Beraz, sektoreko behin-behinekotasuna %38koa da. Astakeria. Behin behinekotasuna estrukturala da, beraz, eta horrela, Jaurlaritzak betea dauka neoliberalismoaren ametsa: kaleratze librea. Aurre egiteko, Jaurlaritzak proposatzen du oposaketak egitea, horrekin behin behinekotasuna %28ra jaisteko. Baina uste dugu %6ra jaisteko eredua behar genukeela. Era berean, ez ditugu ahazten urteetan behin behinekotasunean egon direnak. Ez da justua orain oposaketak egin behar izatea. Eredu egokia zein izan daitekeen aztertzen ari gara».
«Ez da ikusten zer ari garen hipotekatzen. Gure aldarrikapen pertsonalak bakarrik ez dira. Umeeak eskolan hobeto egoteaz ari gara. Alarma piztu behar litzateke bide horretatik»
Grebak sektoreka, deialdiak zatituta
Irakasle eta ikasleei zuzenean eragiten dieten murrizketa horiez gain, hezkuntza komunitatea osatzen duten beste sektoreak ere hartu dira kontuan, mobilizazioetarako. Baina ez dago adostasun sindikalik.
«Laboraletan murrizketa berak izan dira, baina oinarrizko egoera okerragoa zen. Jaurlaritzak eskaini du lanaldia 37,5ekoa izatea. Positiboa da. Baina nahikoa da? Eta Haurreskolen kasuan, araudia aztertuko omen da. Baina ez da besterik zehaztu. Sukaldarien kasuan, %90 pribatuak dira, eta beste %10aren bataz besteko adina 55 urtekoa da. Jubilatzen direnean dena pribatizatuko da. Ez dugu arrazoirik ikusten grebak bertan behera uzteko», azaldu dute ELAtik.
Antzeko jarrera adierazi du Steilasek. «Abenduan jaso genuen Jarularitzatik aurreneko proposamen serioa, 5 grebaren ondoren. Baina hezkuntza sistema publikoan inbertsioa ez da haunditu. Heziketa Bereziari dagokionez badaude gauza positiboak, baina zehaztapen gehiago eskatzen dugu. Ez da nahikoa. LABek, ordea, positiboki baloratu du eta batasun sindikala hautsi du».
LABek prentsa ohar bidez azaldu ditu arrazoiak: «Gure ustez, sektore hauek egoera espezifikoa dute hezkuntza komunitatearen baitan, kolektibo prekarizatuenak eta feminizatuenak izateaz gain, urteetan zehar murrizketa ikaragarriak jasan dituzte», eta «langileen borrokari, elkarlanari eta mobilizazioek izandako oihartzunari esker», hainbat «lorpen» izan direla dio.
Hezkuntza Plataformatik, berriz, azaldu dute hezkuntza komunitatea osatzen dutela «langile guztiek, umeek eta gurasoek. Baina irakasleez gain, gutxik sentitzen du bere burua komunitateko parte». Hain zuzen, grebak sektoreka egitea «ahulezi moduan» ikusten dutela diote. «Gizartearen hutsune bat da, eta honetan ere nabaritu dugu. Plataformatik mobilizazio guztietara joaten gara, baina gainontzekoak, norberaren sektoreari dagokion mobilizaziora bakarrik joaten dira».
Kasu honetan, baina, Urumea ikastolan ikusten dute «alde batetik indarrak banatu» dituela deialdi honek, baina era berean, «sektore minorizatuak bistaratzeko balio» duela ere ikusi dute.
Adostasuna, honek guztiak daukan eragina sumatzean adierazten dute: «Hezuntzaren kalitatean murrizketak» izaten ari dira: «Galdutakoa berreskuratzea» tokatzen da. Hala ere, Hezkuntza Plataformak, adibidez, garbi du ez dela kasualitatea. «Murrizketak lehenagotik datoz. Baina LOMCE eta Heziberrik berretsi egin dute murrizketa politika hori».
Ez LOMCE, eta ez Heziberri
Polemika haundia tarteko, baina 2013ko azaroan onartu zuten Espainiako Gorteek, 2013ko maitzean aurkeztutako ‘Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko LOMCE’ legea; ‘Wert legea’ izenarekin ere ezaguna, PPren gobernuko Hezkuntza ministroaren izenari keinu eginez.
Asko izan dira hezkuntza komunitateak 2013az geroztik egin dituen mobilizazio eta protestak, lege horren kontra ere. Lehenik eta behin, salatu zen hain zuzen hezkuntza komunitatearekin kontsultatu eta adostu gabe landu eta onartutako legea zela hau.
Eusko Jaurlaritza, bestalde, 2013ko irailean hasi zen lantzen, Heziberri 2020 plana, «LOMCEk ezartzen dituen alderik ezkorrenak saihesteko». Bertan bildutako curriculum dekretuak «hezkuntza eragileekin batera landutako hezkuntza eredu pedagogikoan oinarritzen» direla dio. 2014ko otsailean bukatu zuen planaren aurreneko proiektua («hezkuntza eredu pedagogikoaren markoa»), eta 2015eko otsailean bigarrena («EAEko curriculum dekretuak»). Hirugarrenarekin, «Euskal Hezkuntza Legerantz gerturatzeko urratsak ematearekin» ari da orain. Baina honen kontra ere mobilizatu da euskal hezkuntza komunitatea.
Markoari dagokionez, adostasuna agertzen dute Txirritan edota Elizatxon. «Aniztasuna, inklusibitatea, ume bakoitzaren beharrak eta erritmoak errespetatzea… Laguntza behar duenari indartze neurriak jarri eta erraz moldatzen denari garatzeko planak aplikatzea… Bai. Marko teorikoan denak gaude ados. Baina nola bete? Oso polita jartzen dute teoria, baina praktikan ez dute jartzen».
«Ez da ematen beharrei egokitutako zerbitzua; baizik eta larritasun mailaren araberakoa»
Urumean ere, «planteamendua txarra ez» dela diote, baina «egokitzeko beharra» ikusten dute. Gainera, «baliabideak ere, egokiak ez» direla uste dute. «Egun bateko ebaluazioa ezin da alderatu ere egin, egunero egiten den jarraipenarekin. Ikasleen bilakaeraren inguruan ezer gutxi esan dezakete kanpo ebaluazioek».
Baina gehientxuenek uste dute guztia pixkanaka, «oso era sutilean», Txirrita eskolako irakasle eta gurasoen ustez, aldatzen ari dela. Adibidez, LOMCE eta Heziberriren eraginez, Organo Gorenari erabakitzeko ahalmena kendu eta zuzendaritzari eman zaio. Baina Urumean uste dute oraindik ez dutela horrelakorik nabaritu. «Guraso eta familiak, irakasleek, eta zerbitzu eta udaletxeko ordezkariek jarraitzen dugu erabakitzen».
Pribatuak eta publikoak, hizkuntza ereduak eta merkantilizaziora bideratutako ikasgaiak
Hezkuntza Plataformak, ELAk eta Steilasek kontrako jarrera irmoagoa agertzen dute. «Globalizazioa eta pribatizazioa dituzte oinarri. Denak estandarizatu eta homogeneizatzea. Inor ez dadila kezkatu nazionalitate identitarioez. Izan daitezela denak errobotak. Ez dira kasualitatea ebaluatzen dituztenak izatea matematika, zientziak, irakurketa ahalmena, gatazkak konpontzeko ahalmena eta hiztegi ekonomikoa», diote Plataformatik. ELAtik gaineratzen dute, argi eta garbi, «Jaurlaritzaren Heziberri, alde pedagogikotik, LOMCEren makillajea» besterik ez dela. «Curriculumaren errealitatea Madriletik ezartzen dute. Merkantilizazio ikuspuntua txertatu da. Lehiakortasuna, produktibitatea aplikatzen dira. Gainera, pribatizazio arriskua dago: Heziberrik eta LOMCEk kanpo ebaluaketa sistema ezartzen dute, eta ebaluazio onena lortzen duen ikastetxea ekonomikoki saritu. Jaurlaritzak dio ez dagoela LOMCErekin ados, baina aplikatu egiten du. Eskatzen diogu konfrontazio demokratikoa, edo dimisioa. Eta uste badu guztia positiboa dela, azalpenak ematea».
Steilas pribatizazioak kezkatzen du bereziki. «Ez da hausnarketa seriorik egin. Ze eskola eredu nahi dugu? 2013ko ebaluazio diagnostikoaren emaitzak txarrak izan ziren, baina segitzen da murrizketekin. Publikoa den guztia suntsitzen ari da». Eta Heziberrin tranpa ere ikusten du. «Heziberrirekin, hezkuntza zerbitzua eskaintzen duten guztiek izaera publikoa hartuko dute. Baina ez dute ardura sozialik: ez dituzte hartzen ikasle atzerritarrak, bekadunak, curriculum anitzekoak eta ez diote eusten indize sozioekonomiko eta kulturalaren aldagaiari. Gainera, orain 25 urte eskola publikoaren alde sortutako legeak dio publikoa lehenetsi eta pribatuak osagarri izango zirela, baina pribatua elikatzen da itunen bitartez».
Hernani eta Astigarragako egoeren irakurketa ere egiten du Steilasek. «Astigarragako egoera nahiko berezia» dela dio. «2006tik 2009rako jaiotza tasa oso haundia izan da, eta eskola txiki geratu da. Neska-mutil horiek sisteman daude dagoeneko, eta administrazioaren partetik ez dago aurreikuspenik. Gainera, dagoeneko 6.000 biztanlera iritsi da herria, eta ez dago DBHrik». Hernanin, beste berezitasun bat nabarmendu du. «Pribatuaren aldeko jarrerak getizazioa, segregazioa eragin du herri askotan. Ezaguna da Andoaingo kasua. Gasteizen ere sinadurak biltzen ari dira. Baina Hernani EAEko kasu bakarra da, alderantzizkoa gertatzen dena: getizatua dagoen eskola bakarra, pribatua da». Kronikak ez du lortu Inmakulada ikastetxearekin harremanetan jartzea, baina Hezkuntza Plataformak dio matrikulazio batzorde bat sortzeko foro bat osatzen ari dela, herri mailan zer egin daitekeen ikusteko.
Hezkuntza komunitatea; non?
Murrizketa eta lege berrien aplikazioarekin, aldarrikapen eta protestak pilatu egin dira, eta kasu batzuetan, hezkuntza komunitatea osatzen duten eragileak nahastuta ageri dira.
Ereñotzuko Txirrita eskolan, adibidez, «gurasoen babesa beti jaso» dutela azpimarratzen dute, baina «beldur» dira, «gurasoak ere nekatzearekin. Bi egun edo astebeteko grebarekin indarrak disolbatzeko beldurra dugu». Elizatxok eta Hernaniko Hezkuntza Plataformak, ordea, «desmobilizazioa» nabari dute. «Guraso bezala kezka sortu behar litzateke. Haurren ikasketak eta garapen soziala daude jokoan». Urumean, bestalde, «guraso gutxi hurbiltzen» direla diote, baina «hurbiltzen direnak oso inplikatuta» daudela, eta «pixkanaka, gehitzen» ari direla.
Hernaniko Institutuak eta Langile ikastolak ez dute erreportaje honetarako adierazpenik egin, baina Langilek sare sozialetan azaldu du Langile Batzarrak (administrazioko langileek eta irakasle klaustroak) martxoaren 14 eta 15eko greba deialdiekin bat egingo duela. «Gero eta kezkagarriagoak dira irakaskuntza publikoan jasaten ari garen murrizketak, zuen seme-alaben hezkuntza kalitatea arriskuan jarriz».
Goizuetan, berriz, egoera desberdina da, eta Jaurlaritzaren Heziberri planak ez du eraginik; bai, ordea, LOMCEk. Kronikak, ordea, ez du lortu Goizuetako Xalto eskolaren ikuspuntua jasotzea.
Astigarragako Herri Eskolari dagokionez, «eskola komunitateko familiek ere erantzun ezinhobea» eman izan dutela azpimarratu dute, eta irakasleen kasuan, «%95ek bat» egin dutela, azken ikasturteetako deialdiekin. Oraingoan ere, hala egingo dute. «Asteazkenean Gasteizen izango den manifestazioan parte hartuko dugu irakasle eta langileek, eta ostegunerako, zutabe bat antolatzen ari gara, Hernanitik Donostiarainoko bidean, Urumea bailarako ikastetxe publiko guztien artean». Gauzak horrela, deialdia zabaldu dute: «Hezkuntza kalitatea jokoan dagoelako, azken urteetan egindako murrizketak sekulako eragina izaten ari direlako, denen artean aurre egin eta eskola komunitatearen eskubideen defentsan bat egin behar dugulako».