Otsailaren 28an, aspaldiko elurterik haundiena izan zen Euskal Herrian, eta horren aurrean, Astigarragako Udal Gobernuak izandako jokabidea kritikatu du EH Bilduk: «zorionez, ez zen ezer larririk gertatu Astigarragan; baina Udal Gobernuaren eta alkatearen arduragabekeria salatu behar ditugu», adierazi du.
Izan ere, EH Bilduk azaldu duenez, «elurteak iraun zuen bitartean, ez alkateak eta ez Udal Gobernuak, ez zieten herritarrei inolako informaziorik helarazi. Alkateak, aurreko egunetako alerta laranjarekin, Larrialdi Mahaia deitu behar zuen, baina uko egin zion Larrialdi Plana martxan jarri eta herritarrak informatzeari. Beraien kudeaketa onartezina izan zela begibistakoa da», adierazi du.
«Okerrena da, argudiatu zutela informatzeko beharrik ez zela egon»
EH Bilduk gaineratu du, «okerrena» dela, alkateak plenoan argudiatu zuela «ez zela herritarrak informatzeko beharrik egon; bere ustez, goizean ez zelako arazo berezirik egon. Inguruko herri guztiek jarri zituzten martxan informatzeko kanalak. Autobus zerbitzurik ez zen egon, Martuteneko DBH institutua, anbulatorioa eta Kale Nagusia itxita... Hala ere, EAJrentzat dena normaltasunez igaro zen. Aipatu behar da, alkateak ez zekiela Larrialdi Plana existitzen zenik, 2014an aho batez onartu zenean bere botoarekin».
Azkenik, eskertu du udaletxeko eta udal zerbitzuetako langileek egindako lana, normaltasuna berreskuratzeko.