Ostegunean izan zen martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta greba feministari babesa erakutsi zioten astigartarrek, elkarretaratzea eta kazerolada eginez. Atzo ere izan ziren ekintzak, horren bueltan: euskal mitologia eta kultura matrilinealaz hitzaldia eta Volar zineforuma.
Baina zita berezienetako bat, gaur arratsaldean izango da: Astigarragako hamaika emakume omenduko dituzte.
Sagardo Plazan izango da ekitaldia, eta aurretik, bakarrizketa saioa eskainiko du Mirari Martiarenak.
Bakarrizketa aurrena, Mirari Martiarenarekin
Sagardo Plazan jarri dute zita, arratsaldeko 17:00etan. Aurrena, bakarrizketa saioa eskainiko du Mirari Martiarenak: Mirarikeriak ‘komillatartin’. Emakumeen egungo egoera azaleratuko du oiartzuarrak, tonu umoretsuan.
Eta ondoren jasoko dute omenaldia, herritarrek proposatutako hamaika emakumeek. Gazte Lokaleko nerabeek eta udal ordezkariek hartuko dute hitza, ekitaldian; aurreskua dantzatuko diete omenduei, ondoren; eta azkenik, prestatu dituzten opariak banatuko dizkiete.
Herritar guztiei luzatu diete gonbitea, ekitaldira bertaratu eta parte hartzeko.
Gazte Lokalak eta Udaleko Berdintasun Sailak antolatu dute omenaldia, eta herritarrei eskatu zieten, proposatzeko zein emakume omenduko lituzketen. Proposatu zituzten emakume guztiek jasoko dute omenaldia, gaurkoan.