Astigarragako Mundarro txirrindulari taldearen barruan, zikloturismotik pauso bat aurrera emango dute hiru kidek: Jon Blanco eta Mikel Arriaga astigartarrek, eta Ibon Iriondo hernaniarrak. Lehiaketa gogorretan hartuko dute parte, eta horretarako, talde berria osatuko dute: Petritegi Astigarraga taldea. Ostegunean aurkeztu zuten, Petritegi sagardotegian.
Blanco eta Arriaga, errepideko lasterketa eta martxa sonatuetan ariko dira, batetik; eta mendiko bizikletarekin, itzuli eta desafio gogorrak burutuko dituzte, bestetik. Aurrenekoa, asteburu honetan bertan egingo dute: Aragoiko Itzulia mendiko bizikletan; hiru etapa bi egunetan.
Ibon Iriondo ere, arituko da errepideko eta mendiko bizikletarekin; baina horri, gehituko dizkio maratoiak korrika, eta ironmanak; tartean, eta ezagunena, Hawaiko Ironmana: «han egoteko plaza lortzen saiatuko naiz, baina zaila izango da», azaldu du.
Makina bat proba, buruan
Hiruen artean, makina bat proba egingo dituzte, Euskal Herrian, espainiar estatuan eta atzerrian. Eta dagoeneko, osatu dute egutegi bat, buruan dauzkaten probekin: Rompepiernas, Quebrantahuesos, 24h Cheste edota La Marmotte Pirineus errepidean; El Soplao, Madrid-Lisboa Non Stop edota Extreme Bardenas mendiko bizikletarekin; eta Iriondok, Copenhagueko ironmana eta Deltebre eta Peñiscolako ironman erdiak, besteak beste. Horiei, gehituko dizkiete Euskal Herrian egiten diren hainbat proba: «eta noski, baita Astigarragan egingo diren bi probak ere, Santio Igoera eta Sagardobide Erronka».
«Ilusio haundiz» ekin diote hiruek, eta azaldu zuten, Mundarroren babes osoa izan dutela: «baina ilusioaz gain, erronka hauek aurrekontu garrantzitsu bat behar izaten dute, eta guzti hau ezinezkoa litzateke, Petritegiren inplikazio eta laguntzarik gabe. Eta ezin ditugu ahaztu, beste babesle txikiak ere: Aldatu leihoak, Gerizpe okindegia eta Lizardi loreak, eta nutrizioan Fullgas Alegiaren laguntza».
Dagoeneko hasi dira lasterketetan lehiatzen, eta aurreko asteburuan, emaitza politak lortu zituzten: Iriondok 100 kilometroko proba egin zuen korrika Murtzian, eta bigarren izan zen bere kategorian; eta Arriaga 7garren gipuzkoarra izan zen, San Markosen egin zen Open Euskadiko proban.