Planto egiteko deituta zeuden emakumeak atzo, martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean. Eta asko eta asko izan ziren, greba feministarekin bat egin zutenak, eta deituta zeuden mobilizazioetara azaldu zirenak. Lantokiak geldiarazi, eta kaleak dantzan jarri zituzten. Jendetza izugarria bildu zen, eguerdiko eta iluntzeko mobilizazioetan, eta ilara luzean egin zituzten manifestazioak, Hernaniko kaleetan barrena.
Kronikak ere bat egin zuen greba deialdiarekin, eta lanuzteak egin zituzten lantaldeko emakumeek. Horrek eguneroko zerbitzuan eta jardunean izango lukeen eragina irudikatu nahi izan du Kronikak, sinbolikoki, gaurko alean.
Atzokoa izan zen aldarrikapen egun nagusia, baina martxoaren 8ko ekintzek jarraipena izango dute, datozen egunetan ere. Bihar bertan, autodefentsa feminista tailerra egingo dute Biterin, 10:00etan hasita; eta etzi, Sufragistak filmarekin zineforuma egingo dute, Gaztelekuan, arratsaldeko 17:00etan hasita.