Bat egin du Hernanik, Etxeko Laguntza Zerbitzuko erabitzaileen artean medikamentuen erabilera hobetzeko programarekin. Elkarlanean aritzeko hitzarmena sinatu dute, Hernaniko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoak. Programaren helburua da, medikamentuak eskuratzeko modua erraztea, eta tratamendua zuzen betetzea, baita etxeko laguntzaileen edo zaintzaileen lanean laguntzea ere, botikak erosi, kontserbatu eta administratzeari dagokionez.
Horretarako, dosifikatzeko sistema pertsonalizatuak erabiltzen dituzte, pazienteak eguneko une bakoitzean hartu beharreko konprimituak jarriz, dosia zuzen hartzeko informazioarekin. Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak aukeratuko ditu, parte hartuko duten erabiltzaileak, eta haiek oniritzia eman beharko dute.
Gipuzkoako 35 udalerri eta 261 farmazia, programan
Hernanirekin batera, dagoeneko 35 dira, Gipuzkoan programarekin bat egin duten udalerriak; eta akreditatutako 261 farmazia daude sartuta (farmazia guztien %91).
Xabier Lertxundik, Hernaniko Zerbitzu Sozialetako presidenteak, oso positibotzat jo du bat egin izana: «etxez etxeko zerbitzua zerbitzu publikoa da, eta Hernaniko Udalaren lehentasuna da, herritarrei kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzea. Gure ustez, programa honek bide horretan laguntzen du», adierazi du.