GURE ESKU DAGO ekimena hasi da motorrak berotzen eta Hernanin larunbat honetarako lehenengo ekitaldia antolatu du. Eguerdian Plaza Berrin mahaia jarriko dute. Bertan hernaniarrei jakinaraziko zaie 2018ko ekimenen nondik norakoak eta aldi berean jendearen iritziak eta ekarpenak jaso nahi dituzte beraien plangintzan sartu eta txertatzeko.
Horrez gain herritarren laguntzeko prestutasuna frogatu eta konpromisoak jasotzen hasiko dira. Eta eguerdian, ordubata aldera, pintxoak eta sagardoa elkarrekin dastatzeko aukera edukiko dute.
«2018a erronka ederrez betea datorkigu. Eta epe laburrera bi ekimen garrantzitsu dauzkagu esku artean. Alde batetik Herritarron Ituna eta bestetik ekainaren 10ean egingo den Giza Katea; hain zuzen, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituena».
Kate horren lau kilometro betetzea dagokio Hernaniri, herritik gertu
Hernaniri, kate horren lau kilometro betetzea dagokio. «Gure herritik gertu izango da. Erronka handia, baina ziur gaude ekaineko erronka erakargarri horretan, berriro ere hernaniarren laguntza eta parte-hartzea izango dugula, bai antolakuntza lanetan eta baita eskuak eta sentimenduak batzen ere. Azken finean, hernaniarrak, pentsaera eta ideologia desberdinetako jendea izanda, askotan erakutsi dutelako prest daudela bat eginda joateko helburua arrazoizkoa eta demokratikoa denean. Askotan erakutsi baitute herri honen etorkizunarekin konprometituta daudela, besteak beste, Erabakitzeko Eskubidearekin». Ekimenetik eta aurretik eskerrik beroenak eman nahi dituzte, «larunbatetik aurrera zuen elkartasuna eskaintzeko prest agertuko zareten guztiei».