Sagardoaren munduak kirolarekin izan zuen aurreneko lotura duela bi aste Sagar Lasterrarekin, eta bolada horri eutsiko dio beste klasiko batekin: erremonteko Sagardo Txapelketarekin, hain zuzen. Asteartean aurkeztu zuten Bereziartua sagardotegian, eta bertan izan ziren aurten parte hartuko duten erremontista eta sagardotegietako ordezkariak.
Tartean ziren Gurutzeta eta Altzueta sagardotegikoak, herenegun estreinakoan aritu zirenak. Urriza eta Garcesek jantzi zuten Ergobiako sagardotegiko kamixeta, eta Uterga eta Zubirik ordezkatu zuten hernaniarra. Gurutzetak irabazi zuen aurreneko norgehiagoka, 40-28 eginda. Gaur jarraituko du txapelketak 2 partidurekin, 16:00etatik aurrera, Galarretan; Segurola-Barrenetxea IV (Oialume), Ezkurra II-Azpirozen (Bereziartua) kontra, eta Otaegi-Ion (Petritegi), Etxeberria IV-Agirrezabalaren (Gaztañaga) kontra.
Martxoaren 31ra arte, Ligaxka
Beraiek estreinatu zuten, hain zuzen, Sagardoaren VIII. Txapelketaren Ligaxka, martxoaren 31ra arte luzatuko dena. Denera, zortzi sagardotegik hartuko dute parte; aipatutako Gurutzeta eta Altzuetaz gain, bertan izango dira ordezkatuta Bereziartua bera, Gaztañaga, Larre-Gain, Petritegi, Oialume Zar eta Setien.
Horiek ordezkatzeko, hain zuzen, zortzi bikote izango dira: Urriza eta Garces (Gurutzeta); Uterga eta Zubiri (Altzueta); Etxeberria IV eta Agirrezabala (Gaztañaga); Otaegi eta Ion (Petritegi); Juanenea eta Endika (Larre-Gain); Ezkurra II eta Azpiroz (Bereziartua); Segurola eta Barrenetxea IV (Oialume Zar); eta Matxin III eta Larrañaga (Setien).
Txapelketako sistema ohikoa izango da. Hasteko, bi taldetan banatuta jokatuko dute aurreneko Ligaxka, ohi bezala, denak denen aurka, martxoaren 31ra arte.
Bertako emaitzekin hasiko da Bukaerako Fasea, apirilaren 5ean.
Finala, apirilaren 28an
Hortik aurrera, finalerako bidea hasiko da. Apirilaren 5ean eta 7an izango dira Final zortzirenak; bertan, kanporaketetara jokatuko dute talde bakoitzean 3garren eta 4garren sailkatuek. Hortaz, bi irabazleak, final laurdenetan izango dira, Ligaxkan bigarren izan diren bi bikote horiekin.
Finalerdietara pasako dira, ondoren, azken honetan irabazten dutenek eta bertan lehiatuko dira Ligaxka irabazi dutenek.
Azkenean, apirilaren 28an izango da final haundia, finalerdietako bi irabazleekin. Partidu bakarrera jokatuko dute, eta hura irabazten duena izango da Txapelketako garailea zuzenean.
Telebistan, partidu batzuk
Urtero bezala, aurten ere erremonteko Sagardo Txapelketako hiru partidu ikusi ahal izango dira telebistan, ETB4 katearen bidez: Ligaxkaren bukaera, martxoaren 31n; final laurdenak, apirilaren 14an; eta azkenik, final haundia, apirilaren 28an.
Txapelketaren faseak
Ligaxka
Bi talde independiente, denak denen aurka.
Partiduak ostegun eta larunbatetan.
Bukaera: martxoaren 31n.
Bukaerako fasea
Final zortzirenak: kanporaketetara jokatuko dute talde bakoitzean 3garren eta 4garren sailkatuek. Apirilaren 5ean eta 7an.
Final laurdenak: final zortzirenetako bi irabazleek, Ligaxkan bigarren sailkatu direnen kontra jokatuko dute. Apirilaren 12an eta 14an.
Finalerdiak: final laurdenetan irabazle izan direnak Ligaxkak irabazi dituztenen kontra arituko dira. Apirilaren 19an eta 21ean.
Finala: partidu bakarrera jokatuko da, finalerdietako bi irabazleekin. Apirilaren 28an.
A TALDEA
Gurutzeta: Urriza eta Garces
Altzueta: Uterga eta Zubiri
Gaztañaga: Etxeberria IV eta Agirrezabala
Petritegi: Otaegi eta Ion
B TALDEA
Larre-Gain: Juanenea-Endika
Bereziartua: Ezkurra II-Azpiroz
Oialume Zar: Segurola-Barrenetxea IV
Setien: Matxin III eta Larrañaga