Azkeneko hamar minutuetan Beñatek garaipenaren gola sartu, eta bukaera-bukaeran Aitorrek penaltia gelditu, hiru puntuak ziurtatzeko. Aurreko partiduaren kronika dirudi, baina asteburu honetan gertatu da... berriro. Marmotaren Eguna izan zen Zarkumendegin: bukaera berdin-berdina izan zuen partiduak.
EAS 08 taldearen bisita jaso zuen Mundarrok, laugarren sailkatua. Donostiarrak nagusi izan ziren hasieratik, eta ordu erdira lortu zuten aurreneko gola.
Baina beste itxura bat hartu zuen partiduak, atsedenetik bueltan. Akatsak zuzendu eta aldaketak eginda, defentsan serio eta erasoan eraginkor aritu ziren moreak, eta bigarren zatiaren erdialdera berdindu zuten, Simonen erdiratzea inork ikutu gabe sartu ondoren. Eta hamar minuturen faltan, 2-1ekoa egin zuen Beñatek, Igorren pasea aprobetxatuz. Luzapenean, partidua erabakitzeko aukera izan zuten moreek, baina aprobetxatu ez, eta hurrengo jokaldian penaltia egin zuten, berdintzeko aukera emanez talde donostiarrari. Bukaera, ordea, Urnietaren kontrakoa bezalakoa izan zen: Aitorrek penaltia gelditu, eta hiru puntu astigartarrentzat.