Emakumeen Nazioarteko Eguna da bihar, eta greba feminista deitu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak, nazioarteko deialdiarekin bat eginez: Emakumeok* Planto!
Greba babesteko, elkarretaratzea deitu dute, eguerdiko 12:00etan, Astigarragan ere. Emakumeon Plazan izango da.
Arratsaldean, berriz, kazerolada egingo dute, Talde Feministak antolatuta. 18:45etan abiatuko dira, Foru Plazatik; eta eskatu dute, soinua egiteko edozer gauza eramatea: txifloak, zartagiak, danborrak... Bertatik, Joseba Barandiaran plazara jaitsiko dira, eta Emakumeon Plazan bukatuko dute. Orduan, deia luzatu dute, denek elkarrekin 19:15etako autobusa hartu, eta Donostiako manifestaziora joateko.
«Grebara batzera» animatu ditu Talde Feministak, emakume guztiak: «eta horrez gain, etxeetatik amantalak zintzilikatuko ditugu, beltzez jantzi, eta brazalete morea jarriko dugu besoan». Greba deialdiarekin bat egin dute Hernanialdeko AEKko irakasleek ere, eta beraz, bihar itxita egongo da Astigarragako AEK.
11 emakumeri omenaldia, larunbatean Sagardo Plazan
Ekintza gehiago izango dira, ostiralean eta larunbatean ere. Etzi, hitzaldia antolatu dute aurrena, 17:00etan kultur etxean: Euskal mitologia eta kultura matrilineala, euskeraz eta gaztelaniaz. Eta ondoren, zineforuma izango da, 18:30etan hasita, kultur etxean hori ere: Volar pelikula jarriko dute, Bertha Gaztelumendik zuzendua, eta indarkeria jasan duten bederatzi emakumeren testigantzak biltzen dituena; gaztelaniaz izango da.
Eta larunbatean izango da, ekintza berezienetako bat: herritarrek aukeratutako 11 emakume omenduko dituzte, Sagardo Plazan. 17:00etan hasiko da ekitaldia, Mirarikeriak ‘komillatartin’ bakarrizketarekin, Mirari Martiarena oiartzuarraren eskutik. Eta ondoren egingo diete omenaldia: udal ordezkariek eta Gazte Lokaleko nerabeek hartuko dute hitza aurrena, eta aurreskua dantzatu eta opariak banatuko dizkiete omenduei, segidan.
Herritar guztiak gonbidatu dituzte, Sagardo Plazara bertaratu eta omenaldi ekitaldian parte hartzera.
EGITARAUA
Bihar, martxoak 8
12:00etan, Emakumeok* Planto! greba feminista babesteko elkarretaratzea, Emakumeon plazan.
18:45etan, Kazerolada, Foru Plazatik abiatuta. Gero, Donostiara joateko deia, Talde Feministak.
Etzi, martxoak 9
17:00etan, Hitzaldia, kultur etxean: Euskal mitologia eta kultura matrilineala. Euskeraz eta gaztelaniaz.
18:30etan, Zine Foruma, kultur etxean: Volar.
Martxoak 10, Bakarrizketa, 17:00etan Sagardo plazan: Mirarikeriak ‘komilla tartin’. Ondoren, herritarrek proposatutako emakumeak omentzeko ekitaldia.
«Emakume guztiak deitu nahi ditugu greban parte hartzera»
Biharko greba feministarekin bat egin du EH Bilduk ere, eta emakume guztiak deitu ditu, parte hartzera: «emakumeak menpean hartzen eta zapaltzen dituen sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala salatzeko unea da. Emakumea geratzen bada, gizarte oso bat geldiarazi egiten dela erakutsi nahi da», adierazi du.
Eta ohartarazi du, emakumeen bazterkeria ez dela «atzerriko kontua. Euskal Herrian ere, emakumeak bazterkeria egoerak bizitzen ditu. Hego Euskal Herrian, emakumeek gizonek baino 7.500 euro gutxiago irabazten dute; lanaldi partzialen %76,3 emakumeei dagokie, eta feminizatutako lanbideak, prekarioenak dira». Aipatu du, bestalde, 2017an zazpi emakume euskal herritar eta adin txikiko beste bi izan zirela erailak, «indarkeria matxistaren biktima. Hego Euskal Herrian, bi egunetik behin aurkezten da salaketa bat, eraso sexuala dela eta».
Horregatik, dio «arrazoiak soberan» daudela, biharko greba deialdiarekin bat egiteko, eta 12:00etako kontzentrazioan parte hartzeko.
Horrez gain, EAJri ere deia egin nahi izan dio: «legealdi honetan, 20 ekimen baino gehiago proposatu ditugu berdintasunaren alde, eta guztiak onartu dira aho batez. Aldiz, %27a besterik ez du bete EAJk». Horregatik, «itxurakeriak baztertu eta ekintzetara pasa dadin» eskatu dio; «eta aurreneko urrats bezala, greba deialdiarekin bat egin eta aktiboki parte hartzea».