Beñi Agirre hernaniarrak Gipuzkoako historia nafarra liburua argitaratu zuen 2017ko amaieran, eta hori aurkeztuko du oraingo honetan jendaurrean, Hernani Errotzen elkartearen eskutik.
Gaur izango da hori, arratsaldeko 19:30etan, Biteri kultur etxean. Agirrek berak eskainiko du hitzaldia, baina aurretik, Angel Rekalde Goikoetxea soziologoak egingo du sarreratxoa. Gipuzkoa herrialdeak Nafarroarekin izan duen loturaz hitz egingo du bertan.
Beñi Agirrek egin duen ikerketa sakon baten ondorioa da gaia, eta hain zuzen, azterketarako metodoari buruzko bi ñabardura aipatuko ditu bertan: batetik, ezin dela Gipuzkoaren gaia ikertu bere inguruan dituen euskal probintzietatik bereiziz, eta bestetik, antzinako eta oraingo gipuzkoarrek euskara dutela jatorrizko hizkuntza.
Bertako jatorrizko hizkuntzari egiten dio erreferentzia Agirrek: «hemengo toponimoak, denak euskaldunak ziren, eta horrek demostratzen du, hemengo jatorrizko hizkuntza euskera dela. Gero gaskoiera sartu zen, baina beste asko ere hitz egin dira hemen: hebreera, arabiera, okzitanoa, latinetik eratorriak... Eta gaztelera 1.200 urte inguruan sartu zen. Beraz, gaztelera da berantiarra, eta ez euskera».