Hernanitik 6.528 kilo elikagai bidali dira kanpamenduetara

Kronika - Erredakzioa 2018ko mar. 6a, 01:00

Gipuzkoako familia, dendari, ikastetxe, farmazia eta erakundeen ahaleginari esker, lortu da, berriz ere, kamioi ba­tzuk elikagaiez betetzea Sa­ha­rako Errefuxiatu Kanpa­mentuetara bidaltzeko. Her­na­nin, 6.528 kilo jaki jaso dira, Iaz baino 278 kilo gehiago.  Aurten ere hiru paleta arropa bidali ditugu eta sei kaxa medizina eta eguzkitako kremekin.
Guztira Euskadin 220 tona bildu dira eta Gipuzkoan 70 tona inguru. Sei trailer eta furgoneta batek osatu dute aurtengo karabana. Martxo­aren erdialdean beste hiru autobus eta kamioi bat bidaliko dira.  
Bolondresek garraiatuko dituzte kamioiak Alacante­raino eta handik itsasontziz era­mango dituzte Oranera. Bertan, sahararrek hartuko dute kanpamentuetaraino ga­rraiatzeko ardura. Maiatza aldera ailegatuko dira kami­oiak Saharara.

«Eskerrik asko hernaniarrei»
Euskal Karabanako kideek «hernaniar guztiei gure eskerrik beroena adierazi nahi diegu, beste behin Saharako herritarrekiko euren elkartasuna modu batera edo bestera agertu dutelako eta erakutsi duten eskuzabaltasunagatik».
Bereziki janari bilketa ho­netan aktiboki parte hartu du­tenei eman nahi dizkiete eskerrak. «Horien artean dira herriko ikastetxeak, supermerkatuak, farmaziak eta Her­naniko kultur etxea. Bihotz bihotzez eskerrik asko!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!