Moroak Kanpora zioen pintaketa azaldu zen herenegun Hernaniko mezkitan, eta eraso hori salatzeko, kontzentraziorako deia egin zuten Arrisala Elkarteak, AMHER-SOS Arrazakeriakek eta Gazte Bizilagunak taldeak. Atzo izan zen elkarretaratzea, eta bertan izan ziren aipatutako taldeetako kideak; Udaleko kideak, EH Bilduko, EAJko, PSE-EEko eta Orain Hernaniko ordezkarien bidez; Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideetako zuzendari Maribel Vaquero, eta baita herritar asko eta asko ere.
Ordezkaritza hori egon zen Hemen ez dugu arrazakeriarik onartuko lelopean zabaldu zen pankartaren atzean.
Bizikidetzaren alde
Bost minutuko isilunearen ondoren, Luis Intxauspe alkateak hartu zuen hitza: «aldarrikatu nahi dugu Hernani errespetuzko herri bat dela, guztiok daukagula tokia herri honetan, eta tolerantziazko jarrerak besterik ez ditugula onartuko».
Ildo beretik hitz egin zuen AMHER elkarteko ordezkariak: «bizikidetzaren alde lanean jarraituko dugu».
PSE-EEren eta Aldundiaren gaitzespena, ohar bidez
Beren ordezkariak kontzentrazioan izan baziren ere, ohar baten bidez luzatu zuten gaitzespena aurretik Hernaniko PSE-EEk eta Foru Aldundiak.
Ricardo Crespok adierazi zuen: «halako erakusketa arrazistak ezin dira onartu gorrotoa pairatu duen euskal gizartean, eta elkarbizitzaren alde egiten garen honetan».
Aldundiko Maribel Vaquerok onartu du «gipuzkoar guztion kontrako eraso bat» dela, eta Aldundiak ez duela onartuko «xenofoboak eta baztertzaileak diren eraso, jarrera edo adierazpenik».