Hernani da Gipuzkoan zehar mezkita dagoen herrietako bat, eta hura erasotua izan dela jakinarazi zuen atzo Arrisala Elkarteak, Hernaniko kultura islamiarraren elkarteak. Elkarteko lehendakariak azaldu duenaren arabera: «goizean, 06:00ak aldera, taldetxo bat joan da mezkitara eta bertan topatu du pintaketa». Hain zuzen Moroak kanpora zioen pintaketa bat zen, mezkitaren atean pintatutakoa.
«Hernanirekin oso harreman ona daukagu»
Duela lau urte ireki zuten mezkita, eta ordutik arazorik ez dutela izan onartu dute: «lau urte daramazkigu Hernanin eta ez dugu inoiz arazorik izan. Hernanirekin oso harreman ona daukagu, baita bertako elkarteekin eta Udalarekin ere», dio Arrisalako lehendakariak. Gainera, nabarmendu du: «mezkita kanpoaldean dago, errekaren ondoan, eta han ez dago ez etxebizitzarik ez ezer; ez dugu ulertzen zertara joan ziren bertara».
«Ez dugu arazorik nahi»
Orain arte bezala jarraitu nahi dutela diote: «ez dugu arazorik nahi, baina uste dugu herritarrek jakin behar dutela zer gertatzen den herrian».
Horrez gain, beren bizilagunak «lasaitu» nahi dituztela adierazi dute.
Horregatik, atzoko erasoaren aurrean, eta berriro ere gertatu ez dadin, salaketa jarri dute: «Ertzainaren aurrean salaketa jarri dugu guk, eta baita Euskadiko Islamiar Federakuntzak ere».
Kontzentrazioa, gaur
Atzo gertatutakoa salatzeko, kontzentraziorako deia egin dute Arrisala Elkarteak berak, AMHER-SOS Arrazakeriakek, eta GazteBizilagunak taldeak. Arratsaldeko 16:00etan izango da, Plazan. Herritarrei bertaratzeko deia egin diete: «ez ditugu horrelako jarrera arrazistak onartuko», aldarrikatzeko.
AMHERek «guztiz» gaitzetsi du
Atzo bertan oharra bidali zuen AMHER-SOS Arrazakeriakek. Bertan, «guztiz» gaitzetsi zuen ekintza, «Hernaniko bizikidetasuna hausten duelako». Era berean, «elkartasuna» azaldu die kaltetuei, eta eskatu dute, «herriko erakunde, elkarte eta norbanakoei ekintza hau salatu dezaten».