Herri Eskolaren etorkizunaren haundipenaren inguruan zalantzak argitu eta Udala egiten ari den gestioak azaltzeko, bilera informatiboa deitu zuten astelehenerako. Bertan, Zorione Etxezarraga alkatea bera izan zen Udal gobernuaren izenean, azalpenak eman zituena.
Udal Gobernuak balorazioa egin du, baita bertaratu ziren gurasoei eskerrak eman ere, bileran parte hartu izanagatik.
Zuzendaritzaren kezka
Herri Eskolako kezka baten ondorioz hasi zen mugimendua: «aurreko urteko otsailean, Herri Eskolako zuzendaritzak Udal gobernua ohartarazi zuen zentroak segituan kolapso egoera izango zuela, nahiz eta aurreko korporazioak haundipena egin zuen», azaldu dute.
Zuzendaritzak aurreikusten duenez, «egoera zaila izatea 2019-2020ko ikasturtean, eta haundipenik ez bada, eskolako eraikinetik atera behar izango dira gela batzuk denboraldi batez», dio Udalak.
12 gelatako eraikin berria egiteko konpromezua dagoela diote.
10etik 7, Herri Eskolara
Urteak daramazki Astigarragak herri gisa haunditzen, eta era berean ari da hazten jaiotze-kopurua. Hori horrela, Udaletik diote: «herrian jaiotzen diren haurretatik, 10etik 7k ematen dute izena Herri Eskolan».
Horren aurrean, eta kontuan hartuta, azken 10 urteetako aldarrikapena dela, Udal gobernuak onartu du: «Herri Eskolako leku faltaren aurrean, behin betiko konponbidea eskatu diogu Eusko Jaurlaritzari».
Hiru aukera, Eusko Jaurlaritzari
2017ko urrira arte, hainbat aukera aztertzen aritu direla onartu zuen Etxezarraga alkateak, baina horietatik hiru aurkeztu zaizkio Eusko Jaurlaritzari. Proiektu horiek eskutan, Udal gobernuarentzat «negoziazioa oso emankorra izan da», eta horri esker lortu dute «proiektua Eusko Jaurlaritzaren lau urteko inbertsio-planean sartzea».
12 geletako eraikin berria
Zorione Etxezarraga alkateak berak onartu zuen Hezkuntza sailak konpromezua hartua duela Udalarekin: «12 geletako eraikin berria egitea ahalbidetuko du, 700 m2ko espazio hutsa izango duena. Honek, hain zuzen, 2.280.000 euroko aurrekontua izango duela diote, eta ez du kosturik suposatuko Udalarentzat.
Eskolarekin elkarlanean
Legegintzaldia hasi zenetik, Udal gobernuak Eskolarekin elkarlanean aritzeko aukera eskaini zien. Hala, Herri Eskola beharren zerrenda sortzen ari dela, eta laster jasoko duela Udalak.
Beharren artean nabarmendu dituzte: lehen hezkuntzako aurreneko zikloan psikomotrizitatea lantzeko leku falta, ingelesa ikasteko gelen berrantolaketa, edo txikienentzako jantokiaren leku arazoak.