«Goizuetan posible da menditik eta herrian bertan bizitzea kanpora irten gabe»

Kronika - Erredakzioa 2018ko mar. 3a, 01:00

Ikasturte honetan eman dio hasiera Udalak Goizuetan Lan eta Bizi ekimenari, eta horren bueltan, bigarren jardunaldia izanen da datorren martxoaren 10ean, 18:00etan, udaletxeko batzar aretoan. Berezia izanen da oso, izan ere, martxoaren 8an Emakumearen Eguna denez, nekazaritza munduan daukaten papera aztertuko dute. Hain zuzen, Gotzone Sestorain Leitzako gaztagilea eta Maite Sanchez Goizuetako abeltzaina izanen dira gonbidatuak. Ema­kume ekoizleak eta elikadura burujabetza Na­farroan, generoaren ikuspegitik landuko da.

Maite Sanchez Goizuetan bizi da eta abeltzaintza ekolo­gi­koan egiten du lan herrian bertan, Domiña baserrian. Mito edo bulo batekin amaitu nahi du. «Herrian askok pen­tsatzen dute abeltzaintzatik ezin dela bizi Goizuetan eta hori bulo bat da».

Sanchezek bere pentsakera eta ibilbidea plazaratuko ditu jardunaldian. «Uste dut bakoi­tzak jaio, bizi eta lana bere tokian egin behar duela. Ni Oreretatik etorri nintzen Goi­zuetara eta bertan bizi eta lan egiten dugu nire bi semeek, alabak eta nik. Zergatik? nire izaera horrela delako. Seme-alabak hazi dira eta denak bizi gera abeltzaintzatik. Laurak bizi gera ogibide hontatik». Maite 2000 urtean iritsi zen Goi­zuetara Erren­teriatik. «Ani­ma­liekin hasi nintzen pixkana-pixkana. Orain betizuekin ari­tzen naiz la­nean».

Gizonezkoeri kosta egin zaie emakume bat lan honetan eta bizitza aurrera eramaten ikustea

Bere esperientzia Goizuetan aski ezaguna da eta jardunaldietan batez ere «jendea animatuko dut. Goizueta, batez ere, herri abeltzaina izan da eta da, herri berezia eta irudi­tzen zait oso garrantzitsua dela jendea animatzea eta esatea menditik posible dela bizitzea.  Goizuetan bertan posible da lan eta bizi­tzea inora joan beharrik gabe, joan etorrian ibili gabe. Aberastasuna horrela egiten da. Herria jasangarria da eta horretara animatu nahi ditut goizuetarrak».

Errenteriatik Goizuetara al­da­keta ongi eraman zuen Maitek, baina ez dela izan erraza dio. «Emakumea naizelako. Gaur egun ere oraindik horrela da. Gizonezkoek egin duten lan gogor bat hartu nuen eta bapatean ikustea emakume batek har­tzen duela lan hori ez da ongi ikusi eta gizonezkoei kosta egin zaie asimilatzea». 

Europako eta Espainiako Landa Berrikuntza Saria   

Maite Sanchezek Europa eta Espainiako Ministerioko Landa Berrikuntza saria jaso zuen, bere betizu behiekin. «Gizonen eremu batean aurrera ateratzea lortu dut eta gizonezko askok galdetzen diote bere buruari nola posible den nik, emakume batek, sari hori irabaztea. Zer egiten du ba? galdetzen dute. Gogorra egiten zaie eta kosta egiten zaie sinistea. Beste diru sarrera batzuk ditugula pen­tsatzen dute askok. Nola da posible hona etorri eta hortaz bizi­tzea? galdetzen dute askok. Eta nik esan nahi nuke posible dela aurrera ateratzea».

Biztanleetan behera doan herria da Goizueta eta horri buelta emateko lanean dira

Goizueta, oraindik, herri bizia da. Baina bizileku bezala ere bizirik iraun dezan, lanean jarrai beharra dago

Antolaketa ere berezia izanen da, Gizarte Zerbitzuetako Berdintasun sailak, Udalak eta Cedernak elkarlanean antolatu baitute bigarren saio hau.  

Udaleko arduradunek diote jardunaldiak antolatzeko ideia hau herritarrek erakutsitako kezkatik sortua izan dela. «Goizueta, beste herri txiki asko bezala, biztanlerian behera doan herria da. Udalak, horren arrazoietako bat, etxebizitza falta zela ikusten zuen eta horri erantzun asmoz, Etxebizitza Batzordea sortu zuen 2016ko irailean. Batzorde honen helburua etxez-etxeko inkesten bidez gai hau lantzea zen, eta bidenabar, Goizu­etaren etorkizunari buruzko bestelako beharrak eta kezkak jasotzea ere bai. 2017ko urtarrilean, ordea, inkestetako emai­tzak biltzearekin batera, etxebizitza arazoaz gain, herritarrek lanarekiko kezka ere bazutela ondorioztatu zen; herrian lan falta zegoela». 

Udalak, gabezi honi eran­tzuna eman asmoz, herritarrei beste lekuetako esperientziak erakutsi nahi dizkie eta horretarako mahai inguru saio ezber­dinak antolatzen hasi da. «Zer hobeto besteen esperien­tzietatik ikastea baino? Beste leku batzuetan sortu dituzten negozio, enpresa, kooperatiba, proiektu eta ideia ezberdinak herrira ekar­tzen ditugu eta beraiek kontatzen digutenetik ikasi, gero guk gureak martxan jartzeko». Hortik sortu zen Goizuetan lan eta bizi dinamika.

Ikusirik herritar askok lana bizilekuarekin lotzen dutela, bizilekua lanarekin lotzea da bere helburu nagusia, hau da, lanak zure bizitokia baldintzatu beharrean, bizi nahi duzun leku horri eutsi eta bertan zure lana sortzea. Jardunaldietan herriko esperientzia bat eta kanpoko beste bat uztartzen saiatzen dira. Lehenengo jardunaldian Juanjo Elizalde ‘Maingenea, arrautzak eta betizu-haragi ekologikoa’ egiten duena eta Basaburuako Ernaitzu kooperatibakoak izan ziren.  

«Gure esperientziek ­erakusten digute herri ­txikiek badutela lekua gaur egungo gizartean»

Juanjo Elizalderentzako lehen jardunaldia «oso aberasgarria izan zen. Udaletik sortu den mugimendu hau iruditzen zait oso ona dela. Herriari eutsi behar diogu bizirik. Herri txikiek bizirauteko eskubidea eta zentzua dute». 

Funtsa hori izanik esperien­tziaren bitartez eta eraiki duten bizitzaren adibidea oso aberasgarria iruditzen zaio Juanjori. «Herritarrek parte hartzeko modua da eta egin behar duguna.  Zabaldu beharrekoa gure artean. Bata besteari elkar laguntzea beharrezkoa da. Niri pausoa ematea kosta egin zi­tzaidan. Horrelako esperientzia bat izan banuen ingurun laguntza izango zen bere garaian, erakusteko gauzak posible direla. Gaur egungo gizarte kapitalista honetan, badirudi, gauza txikiek ez dutela balorerik eta alderantziz dela usten dut. Jendearen esperien­tziak erakusten du badugula lekua eta eraiki genezakeela».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!